Esteban Esteban Astronomia gelan

Esteban Esteban Astronomia gelan

Egun ahaztezina izan zen izarrak ikustera joan ginenekoa. Lau katu izan arren, eguna lainotuta egon arren, izarrik ikusi ez arren, asko ikasi genuen berbatxango honekin!

Bidaia nahiko luzea egin zitzaigun; izan ere, buelta osoa egin genuen Txorierritik joan ordez. Behin Durangon, eskolara hurbildu ginen eta gure gidaria topatu genuen. Patioan eguzki-erlojua ikusi genuen, paretan dagoena eta ordua nola kalkulatu ikasi genuen, zeren eta lekuaren eta egunaren arabera kalkulatu behar baita.

Behin gelan, hainbat eguzki-erloju ikusi ditugu, batzuk sarituta egon ziren! Hori duk eta!

Eklipsei dagokienez, zergatik gertatzen diren ulertu genuen eta nola ikusi arriskurik gabe ere ikasi genuen. A! ahaztu baino lehen, 2023ko abuztuan izango da Euskal Herrian ikusiko dugun hurrengo eklipsea; beraz, ez zaitezte joan Euskal Herritik kanpo oporrak gozatzera!

Era berean, hainbat astronomo ospetsu ezagutu genituen; besteak beste, Aglaonike, Koperniko, Galileo, Kepler, Newton eta Halley. Oso gizon garrantzitsuak denok! Gizonak? E! Agloanike emakumea zen, lehen emakume astronomoa, hain zuzen ere! Eklipseak iragartzen zituenez, “ilargiaren irabazlea”-edo deitzen zioten.

Gure adituak polemika bati buruz hitz egiten jarraitu zuen; amerikarrak ilargira ailegatu ote ziren? Bere ustez, dudarik gabe, eta kontrako arrazoi guztiak txikitu zituen gure adituak. Orduan, ez dago zalantzarik, ailegatu, ailegatu egin ziren.

Plutonen gainean ere berba egin zuen: gaur egun planeta ez den arren, amerrikarrak ez daude oso pozik; izan ere, haiek aurkitu zutenez, beren “planeta” da.

Zergatik ikusten dugu ilargiaren aurpegi bat bakarrik? Oso erraza da ulertzea, baina azalpena praktikoa denez, hor bertan egon behar izan zenuten ulertzeko!

Noiz izango da munduaren amaiera? Apririlaren 23an, baina urte zehatza ez dakigu! Dirudienez, asteroide bat Lurraren orbitaren puntu batetik pasatzen da eta Lurra hor kokatuta dagoenean, apirilaren 23an da. Hala ere, asteroidea puntu horretatik pasatzen denean ez da beti apriralean 23a, beraz, Lurra beste puntu batean egoten da. Baina ez kezkatu! Teknika batzuk ikertzen ari dira talka ekiditeko. Esaterako, zuriz pintatuko dute 300 metroko asteroidea, orduan, eguzkiaren energiari esker, bere bidea aldatuko omen du eta talkarik ez da gertatuko!

Amaitzeko, planetarioan izarrak ikusi genituen. Eta astrologiaren gezur handia ulertu genuen, horoskopoena, hain zuzen ere!

Bueltan, unibertsoaren amaierari buruzko eztabaida beroa sortu zenez, bidea oso labur egin zitzaigun eta ti-ta batean heldu ginen Getxora.

Berbatxangoa galdu duzuenentzat, izarrak ikusteko aukera berriro izango duzue, Aizkorrin. Joan ginenontzat ere bai!

Eskerrik asko, Victoria, zure kronika eta argazkiengatik!