Bizilagunak: Next door family

Bizilagunak: Next door family

Euskara eta etorkinak uztartzen dituen ekimena aurkeztu nahi dizuegu: “Bizilagunak / Next Door Family”.

Nondik dator ekimena? Urte batzuk dira ekimen hau Europako hainbat hiritan antolatzen dela, eta Euskal Herrian 2011tik hona, Mugak-SOS Arrazakeriari esker. Aurten, Getxoko Udala eta Egizu ere gehitu gara.

Zer da? Zertarako da? Helburua da Getxon bizi diren familiak harremanetan jartzea, binaka, bazkari batean, bertokoak eta beste herrialde batzuetatik etorritakoak. Hau da, Getxon bizi den familia batek (bertokoa izan edo etorritakoa) beste familia bat gonbidatuko du bere etxera, eta elkarrekin bazkalduko dute. Bazkari horren aurretik eta bazkarian bertan dinamizatzaile bat egongo da.

Noiz izango da? Bazkari guztiak egun berean izango dira Europa osoan, azaroaren 17an, igandea.

Nork har dezake parte? Getxoko edozein familiak, bertokoa izan, edo beste herrialde batetik etorritakoa izan. Gogoa baduzu jakiteko zure auzoan eta zure herrian zer jende, familia, kultura, hizkuntza, gastronomia… dagoen, eta tarte atsegina eta aberasgarria pasa nahi baduzu, ekimen hau interesatuko zaizu.

Prozesu osoan zehar eta bazkarietako batean dinamizatzaile izan nahi baduzu, prestakuntza saio batean emango dizugu beharrezko informazio guztia.

Zein da Egizuren ekarpena? Egizun uste dugu oso garrantzitsua dela beste familiari azaltzea eta kontatzea zein den gure lotura pertsonala edo familiarra euskararekin, zergatik ikasi genuen, zergatik erabiltzen dugun, zergatik bizi garen edo bizi nahi dugun euskaraz, eta abar.

Informazio gehiago, non?

http://www.eitb.com/es/audios/detalle/988498/audio–sos-racismo-organiza-bizilagunak-la-familia-al-lado/
http://www.mugak.eu/eu/ekintzak/sos-arrazakeriaren-kanpainak/gipuzkoa-solidarioa/gipuzkoa-solidarioa-iv-2013

Interesatuta zaude? Zalantzak argitzeko, informazio gehiago lortzeko edo izena emateko, jarri gurekin harremanetan: egizugetxo@gmail.com, 685 73 29 63 (Lander).

Parte hartzeko:

Familia bezala. Elkarren artean nolabaiteko ahaidetasuna duten bi pertsona edo gehiagok osatzen dutena da guretzat familia. Parte hartu nahi lezaketen norbanakoek, etorkinek bereziki, ahaide/ezagunen bat aise aurki dezaketela deritzogu.

Dinamizatzaile bezala. Pertsona honek aldez aurretik ezagutuko ditu bere ardurapean elkarrekin bazkalduko duten bi sendiak, eta hauekin harremanetan ipiniko da. Haien artekaria izango da. Bazkal igandean, gonbidatuak gonbidatzaileen etxera eramango ditu, aurkezpenak egingo ditu, giroa goxatuko du… eta denekin bazkalduko du. Beraz, izena ematen duen familia bakoitzarekin harremanetan ipiniko da dinamizatzaileren bat, oinarrizko argibideak jasotzeko: lanbidea eta bizimoduak, zaletasunak, alergiak eta osasun arazoak, e.a.; eta, funtsezkoena, gonbidatzaile ala gonbidatu izan nahi duten jakiteko.

Non bazkaltzen da? Bina familia horietako baten etxean egingo da bazkaria.

Bazkari egunean. Familia gonbidatzaileak egingo du bazkaria, ahal bada bere jatorrizko herrialdean tipikoa den jakiren bat. Bitartean, dinamizatzailea gonbidatuekin etorriko da, aurkezpenak egingo ditu eta elkarraldia abiaraziko du.

Familia moduan izena emateko.
Dinamizatzaile moduan izena emateko.