“Egizu jolas euskaraz!” honela ipini diote izenburua Mantangorri astekarian gurean egindako erreportajeari. Hemen duzue Berriako lagunek egindakoa:

Olgetan euskaraz

Olgetan euskaraz

Egizu jolas euskaraz!
Bi eta lau urte bitarteko haurrak dituzten familientzako egitasmo jostagarria jarri du martxan Getxoko Egizu euskara elkarteak: Olgetan Euskaraz. Astero, euskaraz jolastu, abestu eta dantzatzeko elkartzen dira familiak. Martxora arte euskaraz jolas eta jolas ariko dira.

Euskaldunok badugu geure geurea dugun altxor bat. Bihotzean eta gogoan ongi gordea dugun eta maiz ahora ekartzen dugun harribitxia: euskara. Denetarako balio du: elkar ulertzeko, abesteko, dantzatzeko, ongi pasatzeko… Getxoko (Bizkaia) Egizu euskara elkarteak, esaterako, jolaserako akuilu bihurtu du euskara. Hala, seme-alabekin arratsaldeak
jolasean eta euskaraz igaro nahi dituzten familientzat Olgetan Euskaraz egitasmoa jarri berri du martxan elkarteak. Hauxe da antolatzen duen laugarren urtea. Joan den astean hasi ziren lehen saioak, eta hiru hilabetez jolasean ariko
dira.

Berez, 2 eta 4 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako egitasmoa da, eta «euskaraz bizi ahal izateko baliabideak eskaintzea eta familientzako arnasgune txikiak sortzea» da helburu nagusia, Lander Solozabal ekinbidearen koordinatzailearen esanetan. Familiek astialdian euskara erabiltzea nahi dute, euskaraz jolastea eta ongi pasatzea. Azken batean, familiei euskaraz jardun eta bizi ahal izateko baliabideak eskura jartzea da elkartearen asmo nagusia.

«Maiz, gurasoak euskaldunak izanagatik, baliabideak falta zaizkie, txikitan jolasak gaztelaniaz ikasi zituztelako eta, beraz, ez dituztelako euskarazko jolasak eta kantak ezagutzen. Beste batzuek seme-alabekin ekintzaren bat euskaraz egitea dute helburu, eta bada euskaldun familiak ezagutu nahi dituenik ere», dio Solozabalek.

Jolaserako espazio bila

Guraso horien premiak ase nahian sortu zen Olgetan Euskaraz, orain dela bost urte. Egizu euskara elkarteak
hamabost urte daramatza Getxon euskara zabaldu nahian. Familietan euskara bultzatzeko asmoz, Sendi izeneko proiektua jarri zuen martxan, orain zazpi urte. Orain dela bost urte, proiektuan parte hartzen zuten hainbat gurasok
seme-alabekin egoteko eta abestiak, jolasak eta beste euskaraz lantzeko espazio edo gune baten beharra ikusten zutela adierazi zien euskara elkartekoei. Guraso horien eskaerari erantzuteko asmoz, behin-behineko saio batzuk antolatu zituzten. «Arrakasta itzela » izan zuten, eta halaxe animatu ziren proiektua abian jartzera.

Aurten, oraingoz, 50 familia animatu dira. Zortzi taldetan banatu dituzte. Oro har, talde txikiak izan ohi dira: gutxienez, lau familiako taldeak, eta, gehienez ere, zortzi familiakoak. «Horixe da gure filosofia: talde txikiekin lan egitea. Izan ere, haurrek eta gurasoek lasai parte hartzeko eta lotsa galtzeko egokiagoa da talde txikietan aritzea».

Saioak laburrak dira. Talde bakoitza egun bakar batean biltzen da, hiru ordu laurdenez. Getxoko hiru ikastetxeetan elkartzen dira: Algorta auzoko Zabala eta San Nikolas ikastetxeetan eta Itzubaltzetako Romo eskolan.

Olgetan euskaraz: erreportajea

Olgetan euskaraz: erreportajea

Talde ia gehienak guraso euskaldunez osatutakoak dira, baina aurten badira bi talde elebidun, hau da, euskaraz ez dakiten gurasoentzat antolatuak. Saio horietan ere euskaraz abestu eta jolasten dute, baina azalpenak gaztelaniaz ematen dituzte, gurasoek uler ditzaten. Euskaraz ez dakiten gurasoak «motibatzea » eta «euskal eremura erakartzea» da talde elebidunak sortzearen helburua.

Taldeak dinamikoak eta parte hartzaileak izatea nahi dute. Hala, talde bakoitzean saioa gidatzeko dinamizatzaile bat egon arren, parte hartzaileen eskaeren eta nahien arabera antolatzen dituzte saioak. Gerta liteke dinamizatzaileak oso
proposamen interesgarria izatea, baina guraso zein haurrek ekintza bat gustuko izatea, eta hura behin eta berriro errepikatu nahi izatea. Halakoetan, parte hartzaileek dute azken hitza. «Guk garbi uzten diegu begiraleei: garrantzitsuena ez da gauza asko ikastea eta eduki pila lantzea, partaideok gustura sentitzea eta egotea baizik», aitortu digu Solozabalek.

Taldeak jada osatuak daude. Hala ere, parte hartu nahi duten familiak garaiz dabiltza oraindik, hilabete bukaera arte izango baitute Olgetan Euskaraz egitasmoan izena emateko aukera, sendigetxo@yahoo. es helbidean edota 685 73 29
63 telefonoan.