Zer da berbodromoa? Zertarako da? Norentzat da?

Euskara giro lasaian kalera ateratzea, euskararen erabilera indartzea eta indar-erakustaldia egitea dira Berbodromoaren helburuak. Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera horiek ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea… azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzea. Berbodromoan, euskaldunak elkartuko gara eta elkar ezagutuko dugu, eta jai-giroan tarte atsegin bat pasatuko dugu.

Aurtengo berbodromoa berezia izango da guretzat eta horregaitik urte guzti hauetan bidelaguna izan dugun Irune Etxebarria Atxaren omenez egingo dugu:

Berbodromoa “Irune Etxebarria Atxaren omenez”

Nola egingo dugu?

👨‍👨‍👦‍👦 BERBODROMOAK Algortako San Nikolas plazan, goizez, eta Romoko Santa Eugenia plazan arratsaldez, egingo ditugu, bertan aulkiak egongo dira taldeak egiteko eta zenbakiekin zehaztuko ditugu taldeak. Talde bakoitzean bost pertsona egongo dira, dinamizatzailea eta lau lagun, berriketa lasaian. Taldeetan euskara ikasten ari den jendea euskara dakien jendearekin elkartuko dugu eta interes orokorreko hiru gairi buruz berba egingo dugu. Ordubetez berriketan, gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugituko dira, mintzakidez ere aldatuz. Goizean bi txanda egingo dira: 9:00etan eta 11:00etan; eta arratsaldean txanda bat 18:00etan. Parte hartzeko izena eman behar da.


1- Oroitzapenak eta bizitzan egin beharrekoak

  • Zein da zure haurtzaroko oroitzapenik goxoena (jolas, marrazki-bizidun..)? Zergatik da hain berezia zuretzat ? Zerk pizten du oroitzapen bat? (usaina, zaporea)
  • Teknologiak zelan eragiten du gaur egun gure oroitzapenak gordetzeko moduan? (Instantaneotasun garai honetan oroitzapenek duten balioa zein da zuretzat).
    Zein oroitzapen da zuretzat inspiratzailea? Nola eragiten dizu gaur egun? Uste duzu gure oroitzapenek gure nortasunean eragina dutela?
  • Zeintzuk dira zure bizitzako egin beharrak? bete duzu baten bat ? Zure ustez, zer da bizitzan benetan ezinbestekoa? Zer da oraindik egin ez duzuna eta ezinbestekotzat jotzen duzuna?

2- Estereotipoak, topikoak eta aurreiritziak

  • Zein estereotipo entzun dituzu zure inguruan? ( kultura, generoa, ikasketak…).
    Inolako ezagutzarik gabe epaitzen dugu askotan. Badirudi gure barnean dagoela ondokoa kritikatzea eta bere gainetik jartzea. Ingurukoen itxurari, bizitzari edota jarrerari buruz hitz egiten disfrutatzen dugu?
  • Sare sozialek estereotipoen irismena handitu dute, informazioa azkar zabaltzeko aukera emanez, baina baita desinformazioa ere.
    Komunikabideek eta sare sozialek nola elikatzen dituzte estereotipoak, topikoak?
  • Zein ardura dugu gure gizartean estereotipoak ez zabaltzeko? Zein neurri har genitzake gure gizartean aurreiritziak gutxitzeko? Nola borrokatu aurreritzien aurka, horiek gainditzeko?

3- Hizkuntza ohiturak eta Euskaraldia

  • Garrantzitsua uste duzu Getxo batek, Euskaraldia ekimenean parte hartzea?
  • Ze leku eta zein garrantzia du euskarak zure egunerokoan? Zer ematen dizu zeuri euskarak?eta Euskaraldiak egun hauetan? Eta zuk zer ematen diozu Euskarari?
  • Hizkuntza ohiturak aldatzeko baliagarria da Euskaraldia? 11egun hauetan lortutako erronkak, aldaketak mantentzen jarraituko dituzu?

    Gainera, arratsaldez 19:30etik aurrera KANTUJIRA Romon Kresaltxu kanta taldearekin! … eta mokadutxuak ez dira faltako ere!

    Izena emateko bete hurrengo formularioa edo sartu HEMEN !

Animatu eta parte hartu! Bete ditzagun plazak euskaraz!