
Eta euskaraz egiten badugu? Berbalagunean parte hartzeko izen ematea zabalik!
Ezagutu Getxon dauden taldeak ( berbalaguna, bizikleta-taldea, mahai-jolas eta rolariak, mendi-taldea, yoga, egur-tailua, sOrtuak…)
Euskaraz ikasten ari zara eta ez duzu Mintzapraktika ezagutzen? Edo zure herrian euskaraz gehiago hitz egin dadin lagundu nahi duzu? Jadanik zabalik da aurtengo ikasturtean Mintzapraktikan izena emateko epea.
Irailean eta urrian zehar izena eman dezakezu eta azaroko lehenengo astean zure taldekideak ezagutuko dituzu.
- Mintzapraktika eta zaletasunak uztartzeko aukerak handituz joan ziren pasa den ikasturtean eta talde berriak sortu dira egitasmoa martxan duten herrietan, aurten ere talde horietan parte hartzeko aukera zabalik dago.
- 8.000 euskaltzale inguru mugitzen gara egitasmoan bai aurrez aurre eta baita online ere.
Eman izena HEMEN … eta euskaraz egiten badugu?
Mintzapraktikaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da, horixe baita mintzapraktika egitasmoen helburua: euskaraz aritzeko guneak eskaintzea. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da baina, geroz eta gehiago, parte-hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira, egitasmoaren malgutasunaren erakusle.
Mintzapraktika zaletasun
Bada Mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina azken urteetan zehar batez ere, ikusi da Mintzapraktika beste zaletasun batzuekin erabat bateragarria dela. Euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: yogako esterilla, mendiko botak, bizikletak, mahai jolasak…
Mintzapraktikak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira, euskaraz bizi nahi duen pertsona orori horretarako tartea eta aukera eskainiz, bere beharrizan, egoera eta interesetara egokituz.
Mintzapraktika, euskararen aldeko aktibismoa
Euskararen alde modu askotan aktibatu gaitezke: lehen hitza euskaraz esanaz, euskara elkarteetan parte hartuz, manifestazioetara bertaratuz eta nola ez, Mintzapraktikan izena emanez. Beraz, proposamen honek zerbait mugitzen dion pertsona orok, gaurtik aurrera izena eman dezake www.taupamugimendua.eus/mintzapraktika webgunean.
#EginDezagunEuskaraz

Leave A Comment