
Aurten hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komikiaren Eguna ekimena abiarazi dute, euskarazko komikigintza ikusgarri egiteko asmoz. Getxon Azebarri euskaltzaleen txokoan, Casal liburudendan eta Egizu elkartean bat egin dugu lehen edizio honekin, horregatik, irailaren 29aren bueltan gure eskualdeko komikigileon lanak hurbiltzeko bi saio antolatzen ari gara.
1979ko irailaren 29an argitaratu zen Olariaga handiaren Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta, geroztik milaka zinta izan dituena eta 45 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena. Eta orduan, 70-80ko hamarkadetan, izan zuten hasiera euskarazko komikigintzaren ekimen garrantzitsu askok (Ipurbeltz, Habeko Mik, Napartheid…), gero beste batzuetan jarraipena izan dutenak (Xabiroi, H28…) eta gaur egungo euskarazko komikien oparotasun garaiotara ekarri gaituztenak. Horrela, iragana, oraina eta etorkizunaren lotura sinbolizatu nahi du egun honek.
Getxon irailaren 29an eta urriaren 4an izango ditugu eskualdeko sortzaileen ondoko komiki aurkezpenak, animatuko zara zeu ere?
Argia iraungi zen tokia. Irailak 29, astelehena, 19:30, Azebarri.
Esklabotzan aritu zen gorliztar baten arrastoari jarraituz, Karibean girotutako espioitza eta esklaboen matxinaden komikia aurkeztuko dute Mikel Begoña gidoilariak eta Igor Sarralde ilustratzaileak. (Hiruka-ko berria)
🗓 Irailak 29, astelehena
⏱ 19:30
🏠 Azebarri kultur elkartea, Euskal Herria 14, Algorta
Zuri. Urriak 4, larunbata, 12:00, Casal liburudenda.
Getxoko sexu-genero disidenteon bizipenak landu dituzte Garazi Basterretxea Bareak eta Maite Mentxaka Tenak lan honetan.
🗓 Urriak 4, larunbata
⏱ 12:00
🏠 Casal liburudenda, Aurrezki Kutxa kalea 24, Romo

Leave A Comment