BERTSOTAN
Haur eta familientzako proposamen berri batekin gatoz ikasturte honetan. Aurten Albe Bertso eskolaren eskutik bertsolaritzaren munduan murgiltzeko aukera izango dugu familia giroan. Gure hizkuntza ta kulturaren altxor berezienetako batekin gozatzeko eta hazteko aukera bikaina izango dugu hiruhileko honetan.
ALBE Algortako Bertsolari Eskolak 45 urteko ibilbide luzea du, eta kidego zabala! Apustu berri honek familiengana ere iristeko aukera ematen du. Haur txikiek mundu berri bat ezagutuko dute, haien gurasoen konpainian. Eta era berean, baliteke, gurasoentzat ere bertsoaren mundura hurbiltzeko aukera izatea.
Bertsolaritza, euskal kulturaren zutabeetako bat da, ahozko euskal literaturaren adarretako bat. Bat-bateko artea, kantatua, nahiz eta idatzia ere izan daitekeen. Hitzak eta errimak, doinuak eta kantuak… hizkuntzarekin jolastu eta dibertitu daitekeela ikasiko dugu. Ordubeteko saioak izango dira, arinak eta dinamikoak, ALBEko kide den June Diaz Francok gidatuak. Helburua, ahozkotasuna lantzea eta euskara eta bertsolaritzara hurbiltzea, modu natural eta goxoan, elkarrekin ikasiz eta ondo pasatuz. Urritik abendura, hilean behin elkartuko gara Villamonte Kultur Etxean.
👨👩👧👦 Nori zuzendua?
Haur, guraso eta aitona-amonei, familia osoari. Ez da aurretik jakintzarik behar, jolasteko gogoa besterik ez!
- helburua ikasleen artean euskararen erabilera maila eta kalitatea handitzea da.
- Bestalde, transmizioa eta bertsotarako zaletasuna piztu nahi da.
Hiru saio iraungo dituen talde honetan parte-hartze aktiboa eskatzen zaie gurasoei zein haurrei. Adin honetako haurrentzako jardueretan gehienez 10 familia onartuko dira.
Saioak urriaren 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 18an izango dira 17:00etan Villamonte Kultur Etxean.
Saioak doakoak dira eta aurretik izen emate formularioaren bidez edo whatsappez (622 43 30 85) izena eman behar da.https://labur.eus/udazkenekojarduerak25

Leave A Comment