Ekainaren 12an, astelehena, Bihurguneko nasa narrazio bilduma landuko dugu aurtengo Irakurle Kluba “euskara errazean” taldearen hirugarren saioan. B2 mailarako egokia den irakurgaia.
Uxue Apaolaza (Hernani, 1981): Hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa.
Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz— ari dira Uxue Apaolazaren ipuinok. Ironiaz zorroztu ditu egileak, euri xeheak bezala leun baina osorik blaitzen duen eguneroko indarkeria sarri antzemanezina atzemanez.
Lizar Begoña idazleak gidatutako egitasmoari jarraipena emango diogu ekainaren 12an, astelehenean.
Irakurle kluba (euskara errazean). Hilean behin, astelehenetan, elkartuko gara Algortako Gaztelekuan eta bertan irakurrita ekarriko dugun liburuaren inguruan gure iritziak, hausnarketak, ulertu ez ditugun kontuak elkarbanatuko ditugu.
Villamonteko liburutegian eskuragarri izango duzue laster apirilerako irakurriko dugun liburua. Taldean parte hartzeko leku mugatuak izango dira, beraz, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea : labur.eus/irakurlekluba
Kritiken Hemeroteka
Euskal literatura “bihurguneko nasan” trabatuta dago, Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-02-24