Maialen Lujanbioren errezitaldi berria izango dugu Azebarri Kultur elkartean martxoaren 7an, ostirala, 19:30ean. Sarrera librea aforoa bete arte.
Bertsoa eta hitzaren bueltan ondutako hainbat gogoeta piezak osatzen dute emanaldia, eta emanaldi bakoitzaren arabera moldatzen eta konbinatzen ditu pieza hauek. Artearen esentzia, funtzioa eta egungo gizartearen eta munduaren zenbait ardatzen inguruko gogoeta artistikoa egiten du Lujanbiok, bertso, hitz lau, mugimendu, soinu eta irudiekin jantzia eta performatua. Aurrez grabatutako soinuekin eta pantailako proiekzioekin interakzioan osatuko da emanaldia.
2018. urtean eskaini zuen Lujanbiok lehen aldiz RR emanaldia, bokalik gabeko eta ezin deszifratuzko hots dardartia “mugimenduaren, lurrikararen eta momentu zehaztu gabe batean” kokatzeko. Geroztik beste emanaldi batzuk eskaini ditu bertsolariak, eta 2022an bira txiki bat ere osatu zuen RR#5 marrak izenpean. Orain, RR Erre(ah)ala errezitaldiak ari da eskaintzen hura.
Martxoan urtero elkarrekin ospatzen dugun poesia egunaren harira antolatutako emanaldia da hau, Azebarri Kultur elkarteak eta Egizuk elkarlanean antolatuta, gonbidatuta zaude.