argIHIzkiak erakusketa: 12 argazkien testu irabazleak eta bi onenak

1. Aitor Galbarriarturen argazkia

LABUR-LABURRA
Alderik ez: gizaki orok du jakingura. Geu ari gara kuxkuxean, denda barrukoa ikusi nahian? Ala eurek altxatu dute errezela, gu ikustearren? Batek daki!
Aitor Fernandez de Martikorena

LABURRA (laburrik onena)
Argazkilariek ez dute oles egiten.Oles egin gabe atera digu argazkia. Klik, klik, klik egin, eta laster joango da. Ez dugu jakingo nondik heldu den. Ez eta begi urdinak dituen ala gaztaina-kolorekoak. Eta guk gogoko dugu begietara so egitea Etxera hurbiltzen zaigun atzerritarrari, Etorritakoari tea eskaintzea eta harekin imintzioka hitz egitea. Klik, klik, klik egiten dute Eta badoaz. Ez al dute inoiz begiekin baizik begiratzen? Norentzat dira erretratu horiek guztiak? Zer kontatzen dute gure herriaz argazkilariek? Klik egin, eta joan da. Oles egin gabe. Gu Aisha eta Rashida garela Esateko denborarik eman gabe.
Idoia Santurtun Castaños

2. Eduardo Caminoren argazkia

LABUR-LABURRA (labur-laburrik onena)
Kale gorria. Patu beltza. Sosik gabe. S.O.S. Poz ohia. Pozoia. Itxaropena. Hits-ero-pena. Arrazakeria. Errazkeria. Gizateria. Gizarte eria.
Galder Guenaga Garai

LABURRA
Aizarnazabalen ere txakurrak hanka-hutsik.Denok bizitza duina omen! Ba, nik zer egiten dut hemen? Gauero lokartzean nire kartoizko etxean, ametsa bihurtzen da amets gaizto, etxe duin bat noizko? Politikoei ez diet sinesten hitzik, Singapurren ere txakurrak hanka-hutsik. Ni eta Mendi, elkar besarkatuz, biok lau xentimo madarikatuz. Lehen genuen telefono kabina, orain soilik dugu geure arima. Kalea geure habitat, bankeroek etxe politak! Munduan ba ote bihotz oneko aberatsik? Mongolian ere txakurrak hanka-hutsik. Batzuek burtsari so, besteek tankez eraso, gerrarako dirua soberan eta guk ezin urik ere edan! Krisi ekonomikoaren oasian gizatasuna dago krisian! Hau ez da ipuina, errealitatea baizik, Aizarnazabalen ere txakurrak hanka-hutsik!
Mikel Aiertza Etxabe

3. Elker Azketaren argazkia

LABUR-LABURRA
Nola haren luma leunek haizea, hala laztantzen dute ene ametsek litekeen errealitatea.
Naroa Elortegi Garcia

LABURRA
Aitormena
Errutinaren morrontzatik noa ihesi. Orain arteko garairik onena ez dela pentsatuko du askok, baina ekaitzaren aurretiko barealdia da hau, lehen baino lehenagoko momentua. Hegoak astintzekoa, hegan egitekoa, askatzekoa.

Lasai dabil haizea. Oraingoan bera da nire lumen artean irristatuko dena. Bera da, nire mugimenduei men eginez, dantzatuko dena; txotxongiloa bailitzan. Une honetatik aurrera, ni izango naiz harietatik tiraka arituko dena. Ni, soka guztien jabe.

Lainorik gabeko lausotasun honen erdian, argi ikusten dut zerumuga. Txoriaren hegaldia datorkit burura uneoro: ez da hegoak ebakiko dizkionik. Eta buru-barrua txoritzearekin batera txoratzeak ez nau beldurtzen. Azken finean, ez gara izaki hutsak.
Ane Ormazabal Ruiz

4. Fede Merinoren argazkia

LABUR-LABURRA
Horia, gorria; mea, kea; lana, beharra; bizitza eta heriotza; zurea, nirea… Geurea.
Armando Llamosas Rubio

LABURRA
Eraldatzea
Elkarregaz bagara gai burdina, arroka edo area itxuraldatzeko. Ez gara gauza elkarrekin gure pentsaera eta portaera inguruarekiko aldatzeko? Batera bizirauteko?
Dabid Cascán Porben

5. Iker Basterretxearen argazkia
LABUR-LABURRA
Urrutiko Panpa-lezka, bertara eta kezka, Aurrerakuntzarako harrobia, mendion hilobia. Erdian, zelai bete ardi. Nora adi? Nork bere era: Begietara, aurrera, ala… gainbeheeera.
Josu Larrañaga Arrieta

LABURRA
Zenbat buru hainbat ardiburu
Beeenantxi duzue aurreko hau.
Malenkoniak jota ibiltzen da, gaixoa,
zer larre goxoak izaten ziren,
lehenagoko zeru zohardia, nola
bakar-bakarrik gelditu garen, ez behi,
ez asto aldamenean. Ardi ere ba ote
garen galdetzen dio bere buruari
artaldeko filosofoak.

Haraxeago, Beeelen dago, beti
zelatan, kuxkuxero halakoa.
Beeenantxi lehengoarekin nola,
Beeelen geroarekin hala:
Arditurrikoek wii-a dutela, Artolan
iphone bana, Ardisorotarrek wifi-a…
beste konturik ez dauka.

Nik neuk ere ez dut buruhausterik
falta. Merkataritza guneetan zorabiatu
egiten naiz, asfaltoak amorrarazi
egiten nau, harrobietako hautsak
gaixotu, kotxeek izutu, landare
inbaditzaileei alergia diet… izanaz
Beeelartxo banaiz ere, izenez Beeetsy
nauzue klonatu nindutenetik.
Josu Delgado Rozas

6. Juan Gomezen argazkia
LABUR-LABURRA
Zezena eta biok, lutorako jaioak,
Biok minaren zauria alboan,
Eta zezenaren modura, zure atzetik
beti, nire nahia ezpata batean utzi
zenuenetik.
Haizea Goñi Vidal

LABURRA
(Jasotako testuak aztertu ondoren, epaileek erabaki zuten saririk ez ematea)

7. Luis de Isusiren argazkia
LABUR-LABURRA
AtsEden
Bidaia luzatzen ari dela-eta, ilargian atseden hartzea erabaki dugu. Nahiz eta eguzkiak gogor jo, espazio-autoen parean geratu gara, kalaka inozoak freskatuta.
Alex de Isusi Garcia

LABURRA
(Jasotako testuak aztertu ondoren, epaileek erabaki zuten saririk ez ematea)

8. Nagore Ayoren argazkia
LABUR-LABURRA
Oratze puntuak
Ez da behar argirik iparra galtzeko; ardatzik gabeko koordenadetan itotzen baita gizaki askea. Hargatik, amildu edo altxatu perspektiba kontua baino ez da.
Igor Mercado Azcuenaga

LABURRA
Kaia
Badakizu hor izana naizena
baina zu heltzerako
nire lurrinaren arrastoa
soilik
geratu da bertan.
Ez naiz gehiago itzuliko.
Ez naiz sekula bueltatuko.
Eta nire lurrinak ere
Eginen du
Egunen batean
Ihes.
Damuaren antz handia duzu:
Beti heltzen zara berandu.
Ariane Ensunza Aldamizetxebarria

9. Natxo Pedrosaren argazkia
LABUR-LABURRA
(Jasotako testuak aztertu ondoren, epaileek erabaki zuten saririk ez ematea)

LABURRA
Zoriontasuna detaile txikietan dago, ilunabarrak,
eguna amaitu dela baino zerbait gehiago
adierazten du. Ilunabarraren ostean, gauaren
distirak, eguzkiaren izpiak amaitzerakoan
du bide, egun bat gehiago egun bat gutxiago da.
Ane Bilbao Retolaza

10. Peru Isasiren argazkia
LABUR-LABURRA
(Jasotako testuak aztertu ondoren, epaileek erabaki zuten saririk ez ematea)

LABURRA
Aldarria
Horma bat. Eraikin miserablea. Negozio zen, eta izateari utzi zion. Utzi egin zuten. Hutsik laga zuten. Funtzioz gabetuta. Funtsean, desjabetuta. Abandonatuta. Abandonatu gaituen ekonomiak sortutako hondakin garbia. Baina zikina. Klinexaren parekoa. Gizartearen isla.

Horma duina zen, baina erantzi zioten duintasun-soinekoa. Gobernatuta zegoen, baina jantzi zioten desgobernua. Horma funtzionala zen, baina erantsi zioten disfuntzioa. Horma ederra zen, baina eraitsi zuten dotorezia. Dohainak zituen, baina dohakabe izatera kondenatu zuten. Negoziaren
izenean.

Erreskatea behar du. Bilaka dezagun urregorri. Erantsi balio soziala. Bihurtu kiroldegi, zahar etxe, haurtzaindegi… Ken etxe-jabeari; eman etxegabeari. Pribatutasunaren horma eraitsiz. Publikotasunaren azulejuekin apainduz. Legitimoa baita. Aldarria idatzita dago… Gauzatuko dugu?
Abel Irizar Mantzizidor

11. Sara de Diegoren argazkia
LABUR-LABURRA
Askatasuna ere preso dagoela salatu digute begiek. Ilusioak estaltzen dizkigute herdoildutako hesiek. Harriz estali digute bidea amesteari uko egiten diotenek. Irati
Urkiola Irigoien

LABURRA
Kartzela
Harriak eta herriak barruan.
Harrak eta herrak kanpoan.

Kartzelan.
Zenbat orru.
Zenbat amorru.
Zenbat amarru.

Zenbat hots hotz.
Zenbat hitz hits.
Zenbat hauts huts.

Zenbat zigor.
Zenbat ziega gor.

Zenbat muzin.
Zenbat ezin.
Zenbat zin.
Zenbat min.
Gero eta ugariago eta ageriago.

Kartzelan.
Trebatu nahi, eta trabatu.
Iziotu nahi, eta izutu.

Kartzelan.
Garaipenetik penaren garaira.

Kartzelan.
Askatasuna gurtu.
Duintasuna egurtu.
Etorkizuna agurtu.
Goizalde Hernando Saratxaga

12. Willy Uriberen argazkia
LABUR-LABURRA
Emazkidazu klariona pare bat, mundua marraztuko dizut. Ez esan zelakoa den. Idazmahaien pean bizi denak ez du meridianorik. Mundu naiz. Zaude isilik une batez eta utzi klariona pare bat.
Eñaut Uruburu Martinez

LABURRA
Irudimenaren magia
Kukubilko mutil koxkorra
hankapea duelarik altxorra
eta zeru azpia uharte lehorra.
Mundua da goitik begiratzen diona
baina bere eskuetako klariona
da zoriona dariona
lurrari galdetuz: zer da biona?
Irribarrea dario irudiari,
esku ahur eta haur eskuari
mundu ziniko honi zimiko bi
eguzki koloreko jantzi hori;
Kendu dioten mundua
irudikatzeko segundua
hartu du, ta ongi landua
dago hauts zuri birrindua.
Lurra da ispilu leial
haurraren jolasen azal
eta irribarrearen isla zabal
aberatsenak ere bere urre eta oihal
ezin duena marraztu ahal!
Amaia Agirre Arrastoa

Irati Goikoetxea eta Jokin de Pedro epaimahaikook adosturik hartu ditugu erabakiak eta horren arabera goian aipatzen diren testuak sariz hornitzea ebatzi, 2013ko uztailaren 17an.