GETXOKO II BERBODROMOA, 2012ko abenduaren 3an. Euskaraz elkartzeko gunea.

Getxoko II. Berbodromoa

Getxoko II. Berbodromoa

Abenduak 3, astelehena
9:00 / 11:00 / 17:00 / 19:00
Fadurako erretegian

Zer da berbodromoa? Zertarako da? Norentzat da?
Euskara kalera ateratzea, euskararen erabilera indartzea eta indar-erakustaldia egitea dira Berbodromoaren helburuak, jendea Berbodromoan euskaraz berbetan jarrita. Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera horiek ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea… azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzea. Berbodromoan, euskaldunak elkartuko dira eta elkar ezagutuko dute, eta jai-giroan tarte atsegin bat pasatuko dute.

Nola egingo dugu?
Fadurako erretegi zaharrean egingo da, aulkiak egongo dira taldeak egiteko eta zenbakiekin zehaztuko ditugu taldeak. Talde bakoitzean bost pertsona egongo dira, dinamizatzailea eta lau lagun, berriketa lasaian kafea hartuz. Taldeetan euskara ikasten ari den jendea euskara dakien jendearekin elkartuko dugu eta interes orokorreko hiru gairi buruz berba egingo dugu. Egunean zehar 400 pertsona baino gehiago elkartzea izango da erronka.

Hiru gai izango ditu jendeak mintzagai ordubeteko tartean. Gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugituko dira, mintzakidez ere aldatuz. Goizean bi txanda egingo dira: 9:00etan eta 11:00etan; eta arratsaldean beste bi, 17:00etan eta 19:00etan.

Mintzagaiak ondokoak izango dira:

– Haurtzaroko oroitzapenak
– Kontsumismoa
– Teknologia berriak

Ekitaldian zehar aurkezle- eta dinamizatzaile-lanak Itxaso Payak eta euskaltegietako irakasleek egingo dituzte. Horretaz gain, Getxoko pertsona ezagunek (kirolariek, idazleek, aktoreek…) ere parte hartuko dute berbodromoan egunean zehar.

Egitaraua
9:00 | Berbodromoaren lehen saioa + Olgetodromoa
10:00 | musika, kantuak eta hamaiketakoa
11:00 | Berbodromoaren bigarren saioa + Olgetodromoa
17:00 | Berbodromoaren hirugarren saioa
18:00 | musika, kantuak eta piskolabisa
19:00 | Berbodromoaren laugarren saioa
20:00 | musika, kantuak eta piskolabisa

Olgetodromoa
Euskaltegian hasi berria bazara eta maila nahikorik ez baduzu berbodromoan parte hartzeko, ez kezkatu! Zuretzat ere lekua dago: olgetodromoa, euskaraz jolasteko gunea. Olgetodromoan taldekako jolasak egingo ditugu eta ederto pasako duzu euskaraz.