Maiatzaren 9an, astelehena, Alessandro Bariccoren Zeta eleberria landuko dugu aurtengo Irakurle Kluba “euskara errazean” taldearen bigarren saioan.
Zeta ez da, autorearen esanetan, eleberri bat. Ezta ipuin bat ere. Zeta istorio bat da. Maitasunaren eta desiraren mugetan, gizon xume bat bere herrixkatik mundua amaitu eta lurralde ezezaguna hasten den ertzera eramanen duen istorio bat. 1861. urtea da. Hervé Joncourrek zeta-harrak salerosten ditu bizitzeko. Ekialde hurbiletik Lavilledieura dakartza udaberriro, baita horrekin herritarren bizimodua ziurtatu ere. Izurrite batek hazkuntzategietako zeta-arraultzak galtzeko arriskuan jarri ostean, herriko merkatariek Hervé Joncour zeta-harren bila Japoniara bidaltzea erabakiko dute. Mundua gurutzatuta Hervé Joncourrek Japonian aurkituko duen hori, istorioak istorio egiten dituen haria da. Bideak, azalak, txoriak, gerra. Desirak jositako begirada bat, edo lurralde argi baten isiltasuna. Alessandro Bariccok mundu mailako arrakasta lortu zuen Zeta eleberriarekin. Dozenaka hizkuntzetara itzuli da.
Lizar Begoña idazleak gidatutako egitasmoari jarraipena emango diogu maiatzaren 9an eta ekainaren 13an, astelehenetan.
Irakurle kluba (euskara errazean). Hilean behin, astelehenetan, elkartuko gara Villamonte kultur etxean (Algortan) eta bertan irakurrita ekarriko dugun liburuaren inguruan gure iritziak, hausnarketak, ulertu ez ditugun kontuak elkarbanatuko ditugu.
Villamonteko liburutegian eskuragarri izango duzue laster maiatzerako irakurriko dugun liburua. Taldean parte hartzeko leku mugatuak izango dira, beraz, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea : labur.eus/irakurlekluba
Kritiken Hemeroteka
Errealitatearen estalkia, Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2001-11-24
Zeta, Gus Jimenez / Maxixatzen, 2002-07