Dom Campistronekin elkartuko gara “Bekatorosak” liburu grafikoaz berba egiteko Azebarri Kultur Elkartean. Iparra galdu gabe jardunaldien barruan antolaturiko ekintza da berau. Elkarlanean: Algortako Bilgune Feminista, Haziak, Ukatu eta Kresala kolektiboekin. Izena ematea beharrezkoa izango da.
Dom Campistron, liburu grafiko honen sortzailea, Alduden bizi da (Nafarroa Beherea) eta 26 urte ditu. 2019ko udan Nafarroa Behereko hainbat herri txikitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa. Eta ondoren, paperera ekarri ditu haien borrokak, bakartasunaren mina eta bizi izan dituzten eraso homofoboak, baita beren maitasun istorioak, elkartasun eta itxaropenak ere. Egileak zazpi lekukoen hitzak berresan ditu jatorrizko testigantzen bat-batekotasunari eta originaltasunari eutsiz.
“Bekatorosa naiz. Hala sortu nintzen”, dio argitaratu berri duen liburuaren aurkezpen orrian. Hitzez nahiz marrazkiz osatua, artistaren berezko hizkuntza grafikoak ematen dio liburuari arintasuna, erakargarritasuna eta gaztetasuna.