Joan den asteburuan Mahatserriko berbalagunekin batera Baztanera joan ginen 23 lagun. Bozate auzoan agoteen historia entzun genuen agote baten ahotik, Xabier Santxotena eskultoreak bisita ederra prestatu zigun. Aukerarik baduzue bisitatu eskultura parkea eta Gorrienea etxea, merezi du!

 

Arrastian Lekarotzeko aterpean motxilak utzi ondoren Iruritako jai giroan murgildu ziren gutako batzuk, bertso bazkariaz gozatu, herriko taberna ondo ezagutu 😉 Beste batzuk Elizondora joan ginen, bailarako hiriburu dotorean paseoa, etnografia museo ederra bisitatu eta aterpera afaltzera.

Gauez Iruritara joan ginen batzuk, eta hor ere juerga apur bat, plazan txosnaren ondoan Baztango mutil dantzekin gozatzeko aukera, errebote plazan karpa jarrita zegoen, hor musika eta gaztetxoak, eta gu, talde heterogeneoa! Dantzan eta dantzan aspaldiko megahit-ak. Hurrengo goizean Bertizko natur parkera, euriak harrapatu gintuen parkeko lorategia bisitatzen ari ginela, Erratzuko Marijoxeren azalpenak oso onak izan ziren, leku askotako arbolak ikusi eta ikutzeko aukera, bisitatu beharreko tokia, bertan oinez zein bizikletaz ibilbideak egin daitezke.

Etorri bazara eta argazkirik egin baduzu bidali epostaz helbide honetara: egizugetxo@gmail.com
Argazkien albumean sartuko ditugu.

****************

Eskerrik asko Santutxuko Asapalako lagunei (haien argazkiak HEMEN), Iñakiri eta Josuri egindako argazkiengatik.
Ah! Eta beste gauzatxo bat, hementxe dituzue Mikel Laboaren kanta batzuen letrak, gustatuko zaizkizue.

Ursuako kanta

-"Goiti zazu burua
ene arreba Juana"

-"Eztezaket goratu,
anai Bautista jauna."

-"Izorra omen zara,
ene arreba Juana."

-"Zertan ezautzen nauzu
ene anaia jauna?"

-"Zaldia zelarekin
zuretzat jarria da."

-"Nik eiten dudan haurra
zure besokoa izain da."

Ursuak zazpi leiho,
zazpiak lerro lerro;
Lantainako alaba
Ursuan defuntu dago.

Ursuan defuntua
Santa-Anan kausitua;
adios erran gabe
etxetik partitua.

Zazpi errota berri,
zortzi jauregi xuri;
horien guztiengatik
nik ez Ursura nahi.

BAZTAN

Ez dakit garbi noiz
Baina, egunsentiarekin
Izango zen
Baztango bazterrak
Isilka
Nire logelan hasi ziren
Hasi ziren
Sartzen eta sartzen

Lekurik ezak, nonbait
Esnatu ninduen
Segituan jausi nintzen
Non nengoen

Leihoa ireki nuen
Eta emeki-emeki
Baztango lurrean
Baztan baitan
Baztan izan nintzen

J.A. Artze eta M. Laboa