Merienda izan genuen barikuan, berbalagunona. Urtero legez, ikasturteari egur esan eta udari ongietorri! Aldai Patronatuan lotu ginen, urteko argazki onenak ikusi, plan berriak, ideia berriak datorren ikasturterako.

Landerrek prestatu zuen denontzako gutuna hementxe uzten dizuegu:

Berbalagunok, lagunok:
Arrastion eta eskerrik asko denoi kurtso amaierako merienda honetara etortzeagatik.
Gu ez gara oso diskurtsozaleak, ez garelako oso formalak, badakizue, baina gaur salbuespen txikia lerro hauek botatzeko.
Lerro hauen bitartez bakar bakarrik esan nahi dizkizuegu bi gauza: eskerrik asko eta zorionak. Eskerrik asko guztioi kurtso honetan ere, txintxo-txintxo ibili zaretelako, astero, tabernan, plazan, kalean, kafea hartzen, pintxoak jaten, ondo pasatzen… euskaraz. Eskerrik asko hitzaldietan, diaporametan, ikastaroetan, mendi irteeretan, bertso saioetan, bizikletaz ibiltzen, Euskal Herria ezagutzen egon zaretelako… euskaraz.
Eskerrik asko EGIZU egin duzuelako, zabaldu duzuelako, handitu duzuelako. Mila esker, benetan denoi.
Eta zorionak. Zorionak zuei, gero eta gehiago garelako, inoiz baino talde gehiago ditugulako, jarduerak, planak, asmoak, ametsak handitzen, zabaltzen lagundu duzuelako.
Askotan esaten dugu eta ez da esaldi hutsa. Gaur ere esango dizuegu: zeuek egiten duzue EGIZU, zeuek zarete EGIZU. Zorionak denoi.
Eta datorren urtean gehiago. Gehiago eta hobeto. Zuek nahi duzuen guztia, euskaraz, zuentzat, denontzat. Getxon euskaraz bizi arte.
Besterik ez berbalagunok, lagunok: eskerrik asko eta zorionak.

Ondoren portu zaharrera jaitsi ginen, gau ederra, giro ederrean!