Gure Hur-daib-ahi

Algortan, 2009ko otsailaren 25ean

Eguzkia irten aurretik denok geunden, puntual, betiko lekuan. Asteak generamatzan espedizioa prestatzen, Jone buru duten mendi eskolakoek eskaera egin zigutenetik: oxigeno-materialik gabeko igoera izan behar zen. Federazioari kontsultatu eta hainbat aukera aztertu ostean, erabaki genuen: bide berria irekiko genuen, Hur-daib-ahi hegoaldeko magaletik.

4 herrialdek osatzen zuten 15´s Team Espedizioa: Argentinak, Uruguaik, Euskal Herriak eta Romok. Dena geneukan prest: nazioarteko federazioaren baimenak eta paperak, pasaporteak eta bisak, esponsorren azken materialak – Joneren zapatilak barne –, honen moduko goi mailako abenturetarako janari hidrofilotizatuhiperenergetikoa – tortila patata bokata, sagar zukua eta txokolatezko katuak – eta Anaren Marlboro paketeak.

Bidaia luzea izan zen. Hainbat eskala egin ostean, Gerhn-Ikhan lurreratu ginen eta aklimatatzeko eta altuerara ohitzeko – 10 metro –, bertako janari exotikoa probatu genuen herriko taberna moduko batean: pintxoak eta kafea.

Nahiz eta herrialde desberdinetakoak izan, ez zen inolako arazorik egon komunikatzeko, eta oso giro ona egon zen etengabe espedizioko kideon artean eta bidean topatu genituen indigenekin ere; euskara apur bat jakitea nahikoa izaten da mundu zabalera ateratzeko.

Lekua zoragarria da benetan. Monzoien garaia amaituta, ibaia bare zegoen eta bertako fauna eta flora basatiaz gozatu ahal izan genuen: astoak, ardiak, arkumeak, ardi beltzak, ardi beldurti-suizida-masokak (espezie hau soilik inguru hauetan ikusi daiteke), txakurrak, txakur-ardiak, hegaztiak, loreak, landare inbasoreak, Athletic-kamiseta kaskodun ibiltariak… Josu botaniko-naturalista gurean genuen eta hari esker hobeto ulertu ahal izan genuen inguruan ikusten genuena.

 

Sherparik kontratatu ez genuenez, zenbait unetan gutako batzuk larri ibili ginen altuera hartzerakoan: 10metrotik 60ra pasatzea ez zen doan izan batzuontzat: Anak oxigenoa ekarri ez izanaz damutu zen, Isa ez zegoen guztiz entrenatuta eta baten bati hasi zitzaizkion kongelazioak behatzetan. Une gogorrak izan ziren denontzat, benetan.

Baina 15´s Team Espedizioak demostratu zuen benetako taldea ginela, ez ginela haraino joan interes komertzial eta profesionalengatik soilik; momentu latz haietan elkartasuna eta laguntza agertu zen, gizaki guztion bihotz barruetan dauden sentimendu garbi horiek, harrapatzen gintuen paisaia eder hura bezain garbiak: elurtutako malda izoztuetan behin eta berriz atzean geratzen ziren Jone, Josu eta Mikel mendikideei itxaron genien, sokaren beste aldean, amildegien beldur. Maila bikaina – kirolari eta pertsona modura – erakutsi zuten, beraz, taldeko gazteenek eta berriek: Andere, Iñaki, Vero, Esther, Inge, Amaiur, Rozio, Rakel eta Mónica. Ezin haien izenak aipa begiak busti barik.

Kanpamento Base II-B Sukh-Ahrr-Ietan (Profeta handia ezkondu eta lurperatuta dagoen lekua, euskaraz) jarri genuen, 2 metroko altuera mailan. Gure gorputz ahul eta minduek berreskuratu behar zuten gastatutako energia guztia eta kongelazio-zauriak sendatu behar genituen. Laguntza sikologikoa indigenek jarri zuten; heldu ginenean harrera beroa egin ziguten herrixkako umeek: koloreetako globoekin apaindu zituzten kaleak. Hunkigarria gizakia zer den.

Eta heldu ginen helmugara: Mund-Akhara. Denok pozik, bizirik, onik. Kaleetan ibili, bertako edariak probatu, mezkita bisitatu…zoragarria. Berehala joan ziren Marga´s Helicopter eta Bizkaibus enpresakoak gure bila, GPSak aktibatu eta bengalak bota ostean. Denok ginen etxerako bidean. Hurrengo espedizioan elkartuko gara, 15´s Team!

*Testu hau parodia bat da; inork txarto hartuko balu, bikarbonatoa edo gatz mineralak eros ditzake edozein botikatan. Ez daukat ezer zortzimilisten kontra: inor ez da perfektoa eta norberak asetzen ditu bere zoroak nahi erara. Oso gomendagarria da Alberto Iñurrategiren Hire Himalaya liburua, garestia baina eder-ederra, testuz zein irudiz.