Koadrila ederra joan ginen hilaren 13 eta 14an Arabako lautadara bizikletaz ibiltzera eta bertako txokoak ezagutzera.

Goizeko 9:00etan Fadurako aparkalekutik abiatu ginen hiru kotxetan Arabarantz, bizikletak alokatutako furgonetan generamatzala. Bi orduren buruan Barriako aterpetxean geunden; aterpetxe hau Urkilla mendilerroaren oinean dago, Gasteiztik 25 kilometrora, Zistertarren monasterio zaharra da eta egun aterpetxe bihurtu da. Bertan motxilak utzi eta logelak hartu ostean bizikletak eta kaskoa jantzita Agurainerantz atera ginen.

Batzuek bidean erabaki zuten Alegria-Dulantzi ezagutu nahi zutela eta holaxe egin zuten; besteok, ordea, Agurainerantz jo genuen. Eguzkiak gogor jotzen zuen eta egarri ginen, beraz, herri atsegin honetako terrazetan eseri, zapatak askatu eta freskagarri batzuk hartu genituen. Eskertzekoa benetan!!!

Geroago Dulantzikoak heldu ziren eta herriko plazako arkupean bazkaldu genuen, bertako herritar batzuek guregana hurbildu ziren bitartean: goxoa egiatan etxean sukaldatutakoa… Bazkalostean, kafetxoa herriko tabernan eta lo-kuluxka egin genuen eliza ondoko belardi batean, lasaigarria hau ere zinez!!!

Indarrak berreskuratutakoan, Barriarantz abiatu ginen. Konturatu zarete Arabako lautada zein xarmangarria den, ezta?… Dutxara!!!, hura bai gozamena gero!!! Eta segituan afaltzera… Menua: purea eta bakailaoa eta postrea… Dena oso zaporetsua…

Afalondoko tertulia barregarria eduki genuen: han ibili ziren Leire eta Monika norgehiagoka, zein baino zein hobeto arituz txiste kontaketan… Asierrek ere bereak bota zituen… Hurrengo egunean, igandean, Zalduondon, Zeledonen herrian, hamaiketakoa hartuta La Lezera joan ginen -bidean zaldi eder batzuekin solasalditxoa izan genuen- eta bertan hatzarte ikusgarria bisitatu ondoren, ondoko baserri batera joan ginen Idiazabalgo labeleko gazta erostera, latxa ardi esne gordinez egina berau. Arabako haizea sakonki arnastu genuen.

Handik buelta Zalduondora bertako jaiak baitziren eta, nola ez, “kañatxu” bat hartu behar, musika entzun, dantza gutxi –nekea, badakizue- eta aterperantz abiatu ginen. Dutxa hartu, motxilak eta bizikletak jaso eta batzuk Getxorantz, eta beste batzuk Barakaldo eta Sestaorantz!

Zubileta ikastetxeko umeek eta zenbait gurasok asteburua Barrian igaro eta gero autobusa hartu eta herrirantz haiek ere. Asteburu aparta pasatu genuen, jende jatorra eta giro hobezina!!!
 
Izaskunen gogoeta 2009-06-20, 21:05