Guillermo Orozco. Komunikazioan aditua.
Ikus-entzunezko edukiak interpretatzeko orduan hartzailearen testuinguru guztiak eragina duela uste du Mexikoko irakasleak.
Haur eta gazteengan zer eragin du telebistak, zure iritziz?
Telebistak eragin handia du, hainbat mailatan. Baina ez da beti zuzena eta norabide bakarrekoa. Eragin handiagoa du haur txikienengan, proposamen eta modelo erakargarriak eskaintzen dizkiolako. Harreman afektibo bat dago hor, eta haurrek portaera modeloak bilatzen dituzte. 13-18 urte bitarteko neska-mutikoek, aldiz, beste harreman bat dute telebistarekin. Beste nahi batzuk dituzte eta telebista gutxiago ikusten dute.
Haurrek telebista ikustean gurasoek alboan egon behar al dute?
Hori ideala litzateke, baina utopia da. Erdibideko moduak daude. Esate baterako, garrantzitsua da gurasoek jakitea haurrek zer eduki ikusten dituzten. Ondoren, ondo legoke eduki horien inguruan seme-alabekin hitz egitea.
Irakasleek eskolan gutxi hitz egiten dute telebistaz. Zure ustez, eskolan telebista erabiltzen eta ikusten erakutsi beharko litzateke?
Hori izan da komunikazioaren eta hezkuntzaren alorrean lan egiten dugunon esfortzu handienetakoa. Saiatzen ari gara eskolan irakasleek bitartekari gisa parte har dezatela. Nahiz eta telebista etxean ikusi, eskolako solasaldi eta joko askotan presente dago. Irakasleak hor parte hartu behar du, telebistan ikusitakoak eragina baitu eskolan ikasitakoan.
Nerabeek gero eta gutxiago ikusten dute telebista, eta Interneten gero eta ordu gehiago ibiltzen dira.
Bai, leku guztietan nabari da hori. Interneteko kontsumoa indibidualizatuagoa da, eduki berezi batzuen atzetik doana. Baina telebista egongelan ikusteko moduak beste ezaugarri batzuk ditu, beste senideekin batera egiten baita.
Leave A Comment