Xabier Euzkitze / Noticias de Gipuzkoa

2010-01-12

Aita nahigabetu batek kontatu didanez, orain 20 bat urte, erabat lanpeturik bizi zen garaietan, errieta saio gogorra egin zion bost urteko alabari, honek komuneko paperik gabe utzi zuelako: «Zertarako erabili ote dun? Ikusiko dun, gaur etortzekoak ditun erregeak, eta agian opariren bat gutxiago jarriko dinate, gaiztoa izateagatik». Biharamunean neskatikoak ez zuen ezeren faltarik sumatu zapaten inguruan. Baltasarri bidalitako gutunean eskatutako makillaje kutxatxoa hantxe zegoen, eta eskatu gabeko ipuin sorta bat ere bai. Izan ere, Baltasarrek bazekien haurtxoak gaiztotik deus ez zuela. Etxeko bizilagun bakoitzak bere opariak hartu zituenean, amak oihu egin zuen: «Azken kaxa bat geratu da hemen, zuretzat dela uste dut, senartxo». Zapatetara hurbildu zenean, komuneko paperez oso trakets bildutako kutxatxoa ikusi zuen, letra dardartiz idatziriko ohartxo bat itsatsirik zuela: «aittatxo». Erabat xehaturik geratu zen aita gizagaixoa. Papera kendu eta kutxa ireki zuenean, hutsik zegoela konturatu zen, alabatxoak argibideak eman zizkion arte: «Agian hutsik dagoela uste izango duzu, baina ez da hala. Muxuz bete dut, beti etxetik kanpora ibiltzen zarenez, bakarrik sentitzen zarenean ireki eta bat har dezazun».

Hogei urteren buruan, alaba Norvegian bizi da, bertako mutiko batekin. Aitak erretiroa hartu du eta nahi beste denbora geratzen zaio nahi duenari eskaintzeko. Emazteak aspaldi alde egin zion, ordea, eta gau-mahairen gainean duen kutxatxotik muxuak hartzen pasatzen du eguna, begiak itxi eta irudimenak Norvegiako txoko elurtu batera eramango duen itxaropenez.

Errazegi egiten diegu errieta seme-alabei, komuneko paperarekin jolas edo horman marrazkiren bat egin dutelako. Ez gara konturatzen kutxa bete muxu dutela barruan, eta gu etxera noiz itzuliko irrikaz egoten direla, masailak muxuz eta bihotza amodioz betetzeko. Hogei urte barru kutxatik ateratakoekin konformatu beharko badugu ere, eman diezaiegun balioa orain ematen dizkigutenei, goza dezagun eskaintzen diguten bizi-poz paregabeaz.