Martxoak 16, larunbata: urteroko hitzordu saihetsezina berbalagunak eta lagunak giro ezin hobean elkartzeko. Aurten ere Santutxuko lagunekin, baina talde txikia: 35 lagun joan ginen Bizkaia maite dogulako espediziora. Txikienak 9 hilabete, jubilatu bat baino gehiago.
Urkiola gainan espero ez genuen eguraldia: hotza, haizea, euria, eta eguzkirik batere ez. Iñaki gida eatar jatorrak ongietorria egin zigun eta ibilbidea moldatu zuen, eguraldia eta gure janzkera traketsak ikusita (tartean botak zatika galtzen zituen mixerableren bat). Paisaia ezin ederragoak eta azalpen txukunak: leku-izenak, arbolak, historia, natura… Interpretazio-zentroan amaitu genuen bisita: ikusentzunezko klasiko horietako bat mini zinean eta panel-argazki-mapa argigarri batzuk (sai disekatua barne).
Gorozikan sustoa: jatetxea da! Dena oso formala, txikia, estua. Baina musikak dena konpontzen du eta nahiz eta emakume baten bizkarra sagardoz blaitu, Josuk, Aritzek, Jonek eta Iñakik sagutxo guztiok (jatetxekideak eta langileak ere) jarri gintuzten haien esanetara kantatzen eta dantzan.
Gernikan hiruzpalau taberna, dantza asko eta kaleak guretzat. Jendeak harriduraz begiratzen zigun: Korrika? Euskaltegia? Dantza-talde bat? Ohituta gaude honezkero: gauza bera egiten dugu urtero Jacako kaleetan.
Ezin pagatuzkoa bueltako bidaian autobuseko bertso-saio inprobisatu ezin amaituzkoa: barra libre gai, neurri, doinu eta estiloetan. Pandero-joleak, ahots sakoneko kantariak, dantzari finak, edaleak, bertsolariak, gai-jartzaileak… Zer ez dugu talde honetan? Eskatu, eta agertu egingo da!
Orhiko xoriak Orhira, Santutxukoak Deustura, Santurtzikoak Santurtzira, Areetakoak Areetara eta Algortakoak San Patrik (edo Poltsiko Deuna) ospatzera. Gehienok 12:00ak arte jan eta edan, barre eta irri, kontu kontari, etxeratu ginen kalabaza bihurtu aurretik. Baina 3 superbibiente geratu omen ziren campo 3en, gailurra noiz zapalduko zain…
Hurrengora arte!
Eskerrik asko argazkilariei, lan itzela egin duzue (Edu, Iñaki eta Rozio). Eta Landerren kronika ere ederra, eskerrik asko!
Orhiko xoriak Orhira, “Santutxukoak Deustura”: Baina, baina kronikak eginduen miserableak (Botak zatika galdu zituen berberak) ez daki non dagoen Santutxu, ala?