Iñaki Muniategi Arrasateko mintza egunean

Iñaki Muniategi Arrasateko mintza egunean

Euskal Herriko berbalagunon jaia Elgoibarren ospatuko dugu aurten, ekainaren 1ean. Urtero 6 saritu izaten dira, pertsonak ala entitateak, euren jardunagatik bereziak diren lagunak, eskuzabalak, euskararen normalizazioan eguneroko euren alea jartzeko prest dauden pertsonak, euskara euren bizitzen zentroan, bihotzean, dutenak. Eta aurten, gure herriko berbalagun bati emango diogu saria, eskerrik asko, Iñaki, egunerokoan gure ondoan izateagatik.

Iñaki Muniategi nor den eta zergatik merezi duen saria azaldu digu bere berbalagun batek beheko testu honetan:

———————————-
Beharbada luzeegia eta literarioegia izan da…Horrela irten zait baina.

“Iñaki Muniategi Elortza”

-Noiztik dabil: Berbalagun egitasmoan hasi zen orain 8 bat urte
-Zelan hasi zen(bere ahotik entzunda) eta zergatik merezi duen saria (zalantza izpirik gabe nire ustez):
Behin batez, euskarazko ekitaldiren bat kalean ikusten ari zela, berbalagunen berri zekarren papertxo bat hartu zuen Iñakik. Irakurri ondoren, aspaldian galdutako mundua agian berreskuratzea izango zuela pentsatu zuen. Umezarora itzultzeko nolabaiteko aukera emango ziola papertxo hark. Izan ere, erdal giroan emandako denboraldia luzeegia zen Ereñoko Bengetse baserrian jaiotako gizonarentzat.
Harrezkero, tinko eutsi dio ohiturari Iñakik. Astero-astero hasteko-ez ordea amaitzeko- ordu zehatza duen taldera txintxo joan eta lagunekin ondo pasatzen du. Mendi txangoetan, kultur jardueretan eta bestelako parrandetan ere ez dugu batere makala. (astean zehar bi taldetan aritzen da)
Egia esan, ezin errezagoa da ondo pasatzea Iñaki alboan daukazula.
Edozein adin edo euskara maila izanda ere, edonorekin hitz egiteko beti prest dago gure Iñaki. Umore onean eta irribarretsu.
Maisu bikaintzat jotzen dugu euskara mintzatzen baino euskara maitatzen irakasten baitu. Bengetseko ume hark euskara maitatzen zuen bezalaxe.

Iñaki Vidal
———————————-

Hauxe Iñaki tokaioak prestatu digun testua, polita, ezta?
Eta hemen Iñaki Kerman mintzalagun bila saioan parte hartu zueneko bideoa:

Hemen duzue Elgoibarko berbalagunek prestatutako bideo-gobidapena. Horixe, eskerrik asko, ondo ibili eta gora mintza eguna!!!