Maiatzaren 23an bizikleta-irteera izan genuen, hemen duzue Ana eta Unairen kronika, eskerrik asko eurei eta Da2di argazkiengatik!

Txirrindulariak El Pobalen

Txirrindulariak El Pobalen

Pi piiii, pi piiiii, pi piiiii…. Goizeko 7:00ak, zapatua. Azken hilabeteotan ez bezala, zapatu honetan, etxeko obrako “errasketak” eta “brotxak” alde batera utzi, eta Egizuko bizikleta taldearekin Montellanora joatea erabaki dugu lehen aldiz.

Mudantzako kutxa artetik bizikletarako kuloteak eta kaskoa topatzea lortu, ondo gosaldu eta Sopelatik, Fadurako kiroldegirantz abiatu gara, irteerako lehen bidelagunekin elkartzeko asmoz. Bertan, lotsa puntu batekin Edorta, Angel eta Maddiri gure burua aurkeztu eta Bizkaiko Zubirantz abiatu gara, Aitor triatletarekin elkartzera.

Eiffel jaunaren obraren laguntzaz Bilboko itsasadarra gurutzatu dugu 2-3 minututan, eta Portugaleten ezkerraldeko David, Iñaki eta Mireia ezagutu ditugu. Pelotoi erdia prest! Bilbokoak falta zaizkigu oraindik! Portugaleteko alde zaharreko aldapak igotzen hasi gara Tourmaleta balitz bezala, tipi-tapa… Gallartaruntz garamatzan bide gorria hartu eta Bilboko lagunen zain egon gara. Ordurako, Bilbotarrak zulatutako gurpil bat konpontzen ibiliak ziren eta presaka heldu zaizkigu Montellanora abiatzeko prest.

Gallartatik industrializazio garaiko mehatzariek eraikitako burdin-bideetatik El Pobal burdinolara heltzear ginela, eguneko anekdota hasiberrietako baten eskutik joan zaigu! Jijiji! Pobalera heldu aurretik metro eta erdiko zabalera duen zubia genuen erreka gurutzatzeko. Zubia banan-banan gurutzatzen ari ginela, Anak oreka galdu, eta sastraka artean desagertu zaigu bizikleta eta guzti!!

Sustoa pasa eta Montellanoruntz abiatu gara (Galdameseko auzoa). Laster ohartu gara auzo honetako bizilagunen umore ironikoaz! Montellano??? Mendia bai, baina laua ez behintzat! Portugaleteko aldapak kostata igo baditugu hasiberriok, aurretik geneukan errepide bihurgunetsu eta aldapatsua igotzeko gure indar guztiak batu behar izan ditugu!!

Gora heltzean taberna irekita topatuko genuelakoan ginen, Tourreko etaparen osteko saria balitz bezalaxe! Eguerdiko 12.30ak eta taberna itxita! Bizilagun benetan bitxiak Montellanokoak!

Azkenean Montellano igo dugun baino askooooz azkarrago jeitsi eta Muskizera joan gara, eguzkia lagun genuela aprobetxatuz etapako sariaren bila: TORTILLA PINTXOA + KAFEA + KONPAINIA EZINHOBEA = GOIZ BOROBILA!!

Eskerrik asko Montellanora bidean izan ditugun bidelagun guztiei. Goiz ederra eta abenturaz betea eskeini diguzue!
Gu hurrengo abenturarako prest!

Unai eta Ana