argIHIzkiak: epea zabaldu dugu ekainaren 12ra arte!

argIHIzkiak: epea zabaldu dugu ekainaren 12ra arte!

ArgIHIzkiak lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu berri dugu, zure testua sortu eta bidali gura badiguzu, garaiz zabiltza. Ekainaren 12ra arte jasoko ditugu formulario honen bidez 10 argazki hauetakoren batean oinarritutako lanak. Hemen behean duzue prentsa-oharra azalpen guztiekin, lagunen artean zabaltzen lagunduko diguzue? Eskerrik asko, eta baita orain arte parte hartu duzuen guztiei ere!

PRENTSA-OHARRA

V. ArgIHIzkiak

Argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa
Lanak aurkezteko epea luzatu dugu, ekainaren 12ra arte

Bosgarren urtez, irudien eta hizkien hizkuntzetan oinarrituta, ArgIHIzkiak lehiaketa antolatu dute Uribe Kostan EGIZU Getxo Euskaldun elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak; hurrengoekin elkarlanean: Uribe Kostako hainbat udalekin (Getxo, Leioa, Erandio) eta zenbait elkarterekin (Berbots, Bizarra Lepoan, Aitxu!, Leioako Berbalagunak).

Argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa da argIHIzkiak; hala, literatur ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea. ‘Fotografia’ edo ‘argazki’ berbek “argiarekin marraztea edo idaztea” dute jatorrizko esangura. Horrenbestez, zuen begiradek argien eta hizkien hizkuntzekin jolastea proposatzen dizuegu.

Lehiaketak adinaren araberako maila bi izango ditu, 16-18 urte bitartekoena eta 18 urtetik gorakoena, batez ere gazteenek euskaraz idaztea sustatzeko asmoz.

Bosgarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazi dizkiguten Uribe Kostako (edo berton bizi diren) 10 rgazkilari profesional edo zaletuak ondokoak dira: Bego Elexpe Ortiz, Maite Ikaran Souville, Javi Alaña Azkoitia, Eider Moreno Carrero, Amaia Aparicio Tarin, Jose Mari Albisu Carrera, Maitane Sarralde Ussia, Maite Mentxaka Tena, Anton Alvarez Jimenez eta Naiara Elorriaga Lumbreras. Erandio, Getxo, Sopela, Berango eta Barrikakoak dira argazkilariok.

Argazkiak (eta oinarriak) hurrengo webgunean ikus ditzakezue: www.argihizkiak.com

OINARRIAK:
* Maila BI daude
(adinaren araberakoak):
▸ 16-18 urte bitartekoena
▸ 18 urtetik gorakoena
*Atal BI ditu: (testu-luzeraren araberakoak)
▸ testu labur-laburrena (160 karaktere gehienez)
▸ testu laburrena (100 hitz gehienez).

*Euskara batuan edo euskalkietan idatz daitezkeen testuetako bakoitzak argazkietako batean oinarrituta egon beharko du eta egileak adierazi beharko du zein argazki aukeratu duen eta argazkilariaren izena.
*Testu mota guztiak onartuko dira, hau da, prosa, olerkia, bertsoa, haikua, e.a.
*Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, bi testu bidali ahal izango ditu (bi atal berean edo testu bana atal bakoitzean; bi testuak argazki berari jarritakoak izan daitezke). Testu guztiek izenburu laburra izango dute.
*Testua(k) eta norberaren datuak bidaltzeko erabili webgunean dagoen formularioa: http://argihizkiak.com/lehiaketa/parte-hartu/

Uribe Kostako epaile bik osatutako epaimahaiak epaia irailaren 15ean emango du ezagutzera.

SARIAK:
Maila bakoitzeko atal bakoitzean sari bat egongo da; gazteenek liburu elektroniko bana irabaziko dute, nagusiagoek bakoitzak 200€. Horiez gainera, argazki bakoitzeko 4 testu irabazle aukeratuko dira (maila eta atal bakoitzeko bana) eta horiek datorren urritik aurrera Uribe Kostako hainbat lekutan antolatuko den ERAKUSKETA ibiltarian ikusgai egongo dira, argazkiekin batera.

info+: www.argihizkiak.com / argi.hizkiak@gmail.com / 685 73 29 63

Ohar honen hedapena eskatzen eta eskertzen dizuegu.
Begirunez,
EGIZU eta HIRUKA