Sei hilabete joan dira Euskaraldia egin genuenetik; hamaika egunetako saiakera-jolasa horretan Getxoko bost mila herritar baino gehiagok (5.800 lagunek) hartu genuen konpromisorik egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko, ahobizi, belarriprest eta irribizi roletan.
Hamaika egun horietako balorazioan leku garrantzitsua izan zuen herriko merkatari eta ostalariekin harreman berriak euskaraz hasi izanak. Egunerokotasunean euskarazko harremanek lekua zabaltzeko ezinbesteko aliatu ditugu, beraz, tabernari eta ostalari getxoztarrak.
Horregatik, Berbodromoa dela eta, eurengana berriro jo dugu, konpromiso eta aktibazio eske. Horregatik jotzen dugu herritar euskaltzaleongana, bi aldeetatik konpromisoa hartuta eta eraginda jarraitu nahi dugulako hizkuntza ohiturak aldatzen.
Berbodromoa ostegun honetan izango dugu Getxon, maiatzaren 23an, goizez Algortan (San Nikolas plazan saio bi, 9:00etan eta 11:00etan) eta arratsaldez Romon (poteo gunean 19:00etan), horretarako inguruko hainbat tabernarik konpromisoa berritu dute, euren esku dagoena egiteko prest daude egun honetarako, euskarazko errotuluak jarrita, norberaren rolaren txapa jarrita, irribizi batzuen kasuan euskarazko gutxieneko esaldi batzuk ikasita.
Orain gure esku dago eurei euskaraz egitea, erabiltzea eta sendotzea, Euskaraldia egunerokotasunean txertatzen jarraitzea.
Eskerrik asko ondoko tabernetako lagunei: Arotza, Gure etxea, La mona, Museoa, Tudelilla-Bodeguilla, Txiskales-Arrantzale, Saniko, Burdinola, Biltegi, Sustrai, Salem, Ajuria, La plaza, Maggie´s farm eta Nikkou.
Berbodromoaren antolakuntzan gabiltzanak Egizu osatzen dugun elkarte eta eragile hauek gara: Jose Antonio Agirre, Lauaxeta eta Getxoko Udal euskaltegiak, Bizarra Lepoan euskaltzaleen elkartea eta Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzua.
Leave A Comment