Udako atsedena hartu ostean indarberrituta etorri gara berriro ere 2006-2007 ikasturteari gogotsu hasiera emateko, zuek prest?

Urrian hasita eta datorren urteko ekainera bitartean urteroko jarduerak eta… adi egon! ekimen berriak egingo ditugu eta. Mendi irteerak, asteburu pasa iparraldean, eski asteburua Jakan, YOGA ikastaroa, irteerak bizikletaz, berbalagun taldeak, pala taldea, irteera kulturalak, Uribe Kostako irakurzaleen txokoa, diaporamak, hitzaldiak, ipuin kontalariak, gurasoentzako SENDI proiektu berria, bertsolaritza 0tik hasita ikastaroa, afariak, sagardotegiko bazkaria bertsolariekin, Euskal Herriko berbalagunon eguna Donostian… uuuuf! Izango dugu bai zer egin eta non aukeratu!

Lehenik eta behin, eta udazkenari kaixo esateko YOGA ikastaroa jarri dugu martxan. Urtero bezala Hasier Rekondo irakaslearen eskutik, San Nikolas ikastolan astelehen eta eguaztenetan arrastiko 19:30etatik 21:00etara. Betiko legez berbalagun eta Bizarra Lepoaneko bazkide zaretenok prezio berezia duzue: 25 € hilean, besteok 30 €. Aurtengo nobedadea da San Nikolas ikastolako guraso eta langileek ere deskontua izango dutela. Oraindik animatu ez bazarete, badakizue non eman izena: 605 73 99 16.

Literatura eta Euskal Herriko iparraldea gustatzen bazaizue, eguen honetan (hilak 5) ezin duzue hutsik egin: "Mende erdia Iparraldeko literaturan". Lucien Etchezarretak gozatzeko moduko hitzaldi + errezitaldia emango du Kattalin Totorika eta Miren Aranbururekin batera. Aldai Patronatuan elkartuko gara arrastiko 19:00etan. Untsa jin.

Urriaren 21ean lehenengo irteera dugu Ulibarri Ganboa urtegira, batzuk bizikleta eramango dugu eta 47 kilometroko buelta egingo dugu lakuaren inguruan. Besteok oinez 10 kilometroko ibilbidea egingo dute. Izerdi apurtxu bat bota eta gero (edo asko) denok batuko gara bazkari ederra egiteko. Beraz, badakizue, kirola egiteko gogoa izanez gero deitu (605 73 99 16) edo mezua bidali helbide honetara: egizugetxo(abildua)yahoo.com.