Hasteko urte berri on, isil-isilik egon gara blogean abenduaren erdialdetik. Getxoko kaleetan, berriz, berba eta berba jo eta su aritu gara. Talderik talde bisitak hasi ditugu, talde nahikotxo direnez eta berbalagun mordoa zaretenez hilabete osoa emango dugu talde guztietara iristeko, zuei denoi bisita egin ahal izateko.

 

Datuen errepasoa egin dugu eta hauexek dira: Berbalagunak 92, Gurasolagunak 38, Mendi taldekoak 22 eta talderik gabekoak 11, Guztira 163 lagun (152 parte hartzen dutenak) eta taldeak 26: 17 berbalagun talde, 7 gurasolagun talde, pala talde 1 eta mendi taldea. Pozik eta harro egoteko lagun taldea dugu Getxon, ZORIONAK DENOI!

Mendi taldea aipatuta, irteera egingo dugu datorren zapatuan, Arabara joango gara, Toloño mendialdera bertako Palomaresera igotzeko. Ibilbide gogortsua da Josu Esnaolaren esanetan, ea eguraldiak laguntzen duen. Urtarrilaren 19an, 8:30ean Telletxe kaleko parkinean geratuko gara. Gogotsu bazaudete, deitu!

Hilaren amaieran ere aukera izango dugu elkartzeko, Doro Zobaran ipuin kontalaria gonbidatuko dugu Algorta zein Romora etortzeko, helduentzako saioa eskainiko baitigu. Udal euskaltegiak ere antolatu du Jon Maiaren Apaizac obeto emanaldia Villamonten urtarrilaren 23an, bertan ere egon gaitezke.