Ibilaldien asteburua izan ei da Maiatzako azken aurrekoa: Zornotzan Bizkaiko Ikastolen aldekoa, eta Xareta eta Baztan inguruan Berbalagunona. Pena eman zigun Zornotzakoa galtzeak, baina ederki ondo konpentsatu genuen geure planekin.
Zapatuan, Sarako kobazuloetara bidean −edo leizeetara bidean, hangoek esaten duten moduan−, kotxe ilara kilometriko batek asteburua zapuztuko zigula pentsatu genuen, baina azkenean hogei minutuko kontua baino ez zen izan. Kobetan, gida ilehori eta oso jator batek zenbaiten kontzentrazioa galarazi bazuen ere, oso azalpen politak eman zizkigun leizeen historiaz; gehien harritu ninduen datua, kobazuloak, duela milaka urte, Kariberen antzeko parajea zirela! Ur epel eta uharriz (arrezifez) osatua. Hortik etorriko ote da Euskadi tropikal esaera herrikoia?
Saratik Zugarramurdira oinez joan ginen, menditik, antzina bidelapurren gotorleku ziren kaminoetatik. Euripean heldu ginen sorginen herrira, eta bertako Jasokundearen elizaren arkupetan bazkaldu genuen. Bazkalostean, kafetxua eta bigarren plana. Batzuk Urdazubirako bidea egiten zuten bitartean, besteok Sorginen Museora sartu ginen. Museoa bikaina da: argiztapen aproposa, kolore egokiak eta oro har giro ainube oso erakargarria, mitikoak bihurtu diren garai bateko emakume eta gizon hauengana hurbiltzeko. Sorginen gorabeheren berri izan ostean, autobusean Urdazubira eta zuzenean aterpetxera joan ginen. Larunbata Elizondoko taberna eta tragoei buruzko master bat egiten amaitu genuen.
Domeka goizean Lekarozeko aterpetxeari agur esan genion Xorroxineko ur jausietara joateko. Gorostapolo auzo idilikoan hasten den ibilbidea, arbolez inguratuta eta errekasto baten melodiak lagunduta Xorroxineko ur jausira eramaten zaitu. Ederra. Uraren burrunbak eta ikuskizun ederrak harrapatu gintuen guztiz. Bueltarako bidean, Iñigok, Arratek eta nik ausardia handiz, oinutsik gurutzatu genuen errekatxoa, hankei merezi zuten lasaialdia eskainiz.
Gorostapolotik Erratzura oinez, eta Erratzutik Lesakara busez. Bertako Linddurrenborda sagardotegian Manolo Arozena eta Julen Zelaieta bertsolariekin bazkaldu, eta barre handiak egin genituen bazkalondoko bertsoekin. Gero, autobusean, etxerako bidean, guztiok daramagun bertsolaria ateratzen saiatu ginen. Emaitzek ez zuten kalitate kontrola pasatu, eta ezin dira hemen publikatu 😀 Eskerrik asko guztiei! Ea hurrengoa noiz!! (Ander)
Hasi zaitezte hankak berotzen bizikleta astebururako, ekainaren 21 eta 22an!
Ander: eta mobileko bertsoa? Ona zen!
Goraintziak Guzmani
hemen autobusean egin neban bertsoa asteburu honetaneuskaldun ugari batera zar ta barri mugan ibiltari zugarramurdin gurtuz sorgin, akerrari bazkari honen ostean denok bertsolari
iep!
zuek bertsoak entzun
eta gu abesten
bazkal osteko plana
etzen gaizki irten
ea berriro ere
halakoren baten
martxa atrasik gabe,
bueltatzen zareten
ongi segi!
Aupa Julen!
Martxa atrasana
ez gertatzeko berriz
orain datorrena:
bide-berdeak “bici”z
Sagardotegiz gain,
natura ere biziz
Nafarroa-ezagutu
sabelaz eta begiz
agur!