Joan ez joan, hala ibili ginen asteburuan. Eguraldi txarra iragarrita zegoen arren, gogo itzela genuen Mungia aldean ibiltzeko. Gainera, Izaskunek eta Irantzuk proposatu eta prestatu zuten ibilbidea egin nahi genuen. Gutako askok piper egin zuen, 6 lagun besterik ez ginen ausartu igande goizeko txangora joatera.

zumetzagako mikel deunaren baseliza

 

Telletxeko aparkalekutik 9ak pasata irten ginen, Mungian zain zeuden bi nesken bila joan eta hortik Markaida auzorantz jo genuen. Kotxeak errepide alboan utzita, baserri zahar eta ederren ondotik pasa ginen apurka-apurka. Zumetzagako Mikel Deunaren baseliza izan genuen parean. Hortik ezkerretara, bidexka hasten da Jata igotzeko, ez dauka galtzerik. Aldapan gora basea bazegoen, hala ere, gehiago espero genuen.

 

Mendian gora Bakio eta Gaztelugatxe ikusi genituen, tontorrean lainoa eta hotza besterik ez zegoenez arineketan behera jo genuen, plisti-plasta putztik putzura. Markaidatik Larraurira, eta handik Bakiora. Eneperi jatetxearen ondoan kotxea utzi eta bide batetik Gaztelugatxera abiatu ginen.

  

Goiko baselizaraino 231 eskailera maila daude, Irantzu eta Lander ibili ziren zenbatzen. Goiko aterpean bazkaldu, baselizako ezkila jo, eta buelta! Handik batzuk Gernikara, Bizkaiko txapelketako finalaurrekora eta beste batzuk etxera. Hurrengora arte!