Joan den zapatuan Serantes eta Zierbenara irteera egin genuen Getxoko berbalagunek. Sestaoko lagunak ere animatu ziren eta pozten gara, ea hurrengoan ibilbiderik antolatzen dugun elkarrekin.
8.30ean Algortan geratu ginen batzuk, metroz Areetara. Zubian 9etarako ia denak geunden. Santurtziko Mamarigaraino arazo barik egin genuen gora, han galdezka ibili ginen, nondik igo, aurrera, atzera, eskilarak… Etxeak atzean utzi eta mendian gora hasi ginen.
Pista amaitu eta aldatza, txiri-txiri gora. Paisaia ikusteko geldialdia, hegaztiak gu bezala, meatzaldeari begira. Goiko gotorlekutik Unai Basurko etxera iristen ikusi genuen, belaontziz inguratuta.
Handik tontorrera azken aldapa baino ez zitzaigun falta, goian, sorpresa! Dabid Barakaldoko txirrindulari eta berbalagun handia topatu genuen. Iazko Mintza Egunean bere lanagatik saritu genuen bera.
Zierbenarako bidea erraza izan zen ia-ia guztia, azken malda apurka-apurka egin behar izan genuen, dena basaz beteta zegoelako. Herrira jaitsi, portua ikusi eta bokata jan ondoren, autobusa hartu genuen Portugaletaraino. Areetako terraza batean kafea edan genuen eguzkitan, eta taldeko batzuk Algortara oinez bueltatu ginen.
Egun konpletoa eta eguzkitan, aspaldiko partez. Ederra eguna eta ederra konpainia! Otsailaren 21ean Gernikatik Mundakara oinez joango gara, nor animatuko da?
Leave A Comment