ordunteko urtegia

“Ordunteko urtegia oinez” izeneko ibilaldia pasa den domekan ( apirilak 26 ) egin genuen. Ezagutzen ez duzuenoi, Burgos aldean dagoen urtegi bat dela esango dizuet. Burgos izan arren Bizkaiari dagokio; beraz, Athleticen jokatzeko eskubidedunak dira bertan jaiotako zapaburuak. Urtegi hau aspaldian sortu zen Bilbo Handiaren ur gabezia arazoak arintzeko asmotan. Hala ere, badakizue, Bilbon ura egon bazegoen, “agua de Bilbao” deritzona eta “agua cochina de la Ria”, baina neurriz kontsumitu behar zen.

taldea eguzkitan

Berbalagunok igandean egindako ibilalditxoan urtegiaren inguruetatik ibili ginen. Urtegiari bira ematen dion bidexka nahiko txukun zegoenez, ibilaldia lasai-lasaia izan zen, oztoporik gabe ibili ahal izan ginen. Paisaia itzela da, kontraste handikoa, ura alde batetik, bestetik berdetasuna. Ezkerraldera begira gindoazela ura zen ikusgaia. Izugarria da ur horiek guztiak horrela batuta ikustea. Urtegia urez gainezka zegoen pasa den domekan. Bazirudien urak bertatik ihesi nahian, borrokan ari zirela. Ur hutsa, urtegian preso balego bezala. Ikusgarria benetan!

 

Bukatzeko zerbait aipatuko dut eguraldiari buruz: euria, laburbilduz. Euria, nola ez goitik behera egin zuen. Bost axola, zeren ondo hornituta joan baikinen: txubaskeroak,  aterkiak… baita ardoa ere, ( pitorro sport-dun botilaz gogoratzen al zarete? ). Ardoa bada berbalaguna euriak ez zaitu bustitzen, freskatu baino ez.