[ ; – ] k l i s k a . 010

Eskerrik beroenak Dona gurasolagunari!
DAGOENA ::: Toponimia ibilbideak
DATORRENA ::: Udaleku irekiak
AGENDA ::: Maiatza
ELKARRIZKETA ::: Getxoko merkatari euskaldunak + Orixa liburu dendako Alfredo eta Iñaki
IRITZIA ::: Maiatzaren 3an erdu Ondarrura + Iñigo Fernandez de Martikorena
EUSKARAZ BIZI ::: guraso.com

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

::: Toponimia ibilbideak

EUSKARAREN TOPONIMIA ibilbidea egitera gonbidatu nahi zaituztegu maiatzaren 5ean, asteartea, arrastiko 19:00etan Etxetxun. Getxoko XX. mendeko euskararen ibilbide hau laburra da. Portu Zaharrean hasita, San Nikolas Plazara joango gara, Basagoiti etorbidetik Kasino plazara, Amezti kalean UK aldizkaria eta Koska irratia bisitatuko ditugu eta ibilbidearen amaiera Aldai patronatuan izango da (Itxasgane), bertan ukberri, ALBE, EGIZU eta Bizarra Lepoan elkarteen berri izateko bertatik bertara. Gogoratu 9 toponimia ibilbide gehiago dituzuela Getxoko izenak eta historia hobeto ezagutzeko. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

DATORRENA ::: Udaleku irekiak

UDA HONETAN ere Bapirukerekin gozatzeko aukera izango dute etxeko gaztetxoenek. Ekainaren 23tik uztailaren 31ra, 5-12 urte bitarteko umeek Getxon jolasak, kirola eta tailerrak egingo dituzte. Ekintza hauek guztiak, gainera, egun osoko irteerekin tartekatuko ditugu. Ordutegia 9:00etatik 13:30ak arte izango da, irteera egunetan izan ezik, egun hauetan 17:00etan bueltatuko gara. Izena emateko epea maiatzaren 11tik 14ra izango da bazkideentzat eta maiatzaren 18tik 21era bazkide ez direnentzat. Informazio gehiago nahi izanez gero, bulegora deitu: Goizane 94 491 43 57 ¤
:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
AGENDA ::: MAIATZA

Maiatza 3 ¤ Hizkuntza eskubideen eguna Ondarroan. Euskal Herrian Euskarazek antolatuta egun osoko festa eta aldarrikapenerako eguna. Autobusa eta herri bazkarirako txartela 25 euro izango dira. Izena emateko 652 764 387 telefonoan egin dezakezue (lekuak agortu edo ostiralera arte).
Maiatza 5 ¤
XX. mendeko euskararen toponimia ibilbidea, 19:00etan Etxetxun hasita. Eman izena BIZARRA LEPOANen.

Maiatza 7 ¤ Kirmen Uribegaz “Bilbao-New York- Bilbao” nobelaz solasaldia 20:00etan Aldai Patronatuan. URIBE KOSTAKO IRAKURZALEEN TXOKOAK ANTOLATUTA.
Maiatzak 9/10 ¤ Asteburu pasa Urepele eta inguruetara. Mendi irteera zapatu goizean, herriko aterpetxean afaldu eta gaua pasatu. Domekan inguruko baserri batera joango gara bertako produktuak eta jendea ezagutzera. Bidaia autobusez izango da. Izena eman EGIZUn.
Maiatzak 23 ¤ Mendi irteera Iruñerriko berbalagunekin batera Aratz mendira.
Maiatzak 29 ¤ Ipuin laburren sariketa & diploma banaketa. Aurtengoa ipuin laburren II. lehiaketa izan da, eta oso pozik gaude 70 lagunek baino gehiagok parte hartu dutelako. Irabazleak eta parte hartzaile guztiak zoriontzeko geratuko gara hilaren 29an; eta sariak emateaz gain, guztientzako diplomak banatuko ditugu. Amaieran merienda gure kontu!.
:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
ELKARRIZKETA ::: Getxoko merkatari euskaldunak

Orixa liburu dendako Alfredo eta Iñaki  + Dona Gil gurasolagunaren eskutik

ORIXA LIBURU DENDA: Alangoeta 8 (Algorta)

Orixara sartu bezain pronto nabaritzen da leku berezia dela. Lertxundiren ahotsak lokala bete du eta Alfredorekin hitz egitean denbora lasaiago doa, errealitatetik urrun eta beste dimentsio batean, ipuin zahar batean bezala.

Orixa ez da bakarrik saltoki bat, edo behintzat Alfredo, liburu dendaren arduraduna, ez da saltzaile arrunta, bere lana denbora-pasa moduan gozatzen du eta. Nahiz eta dirutzarik ez lortu, bere helburua jarraitzea da. Ondo ezagutzen ditu dauden lehiak eta zailtasunak, dena den, irakurtzeko zaletasuna duen talde txikiarekin pozik dago.

Dona: Zer da Orixa eta noiz zabaldu zen?

Alfredo: Orixa, 2000. urtean zabaldu zen, abenduan, Gabonetan. Hasieran, Orixa liburu denda zen, baina urteak pasa ahala papertegi ere bihurtu da, bezeroek eskatzen dutelako. Askotan jendea etortzen zaigu liburu baten bila eta aldi berean boligrafo edo karpeta edo margo batzuk eraman nahi dituzte, eta ezin zaie esan ez daudela. Dendaz denda joatea ezerosoa da eta bezeroek beste leku batera alde egiten dute. Baina Orixa batez ere liburu denda bat da.
Dona: Liburuek inoiz ez dute izan arrakasta handirik eta gaur egun, gainera, interneti esker, berehala informazio asko dugu etxean, merkea eta erraza. Egoera horrekin zaila da merkatu horretan jarraitzea? Eta Algortan? Lehia handia dago ala erraza da salmentak egitea?
Alfredo: Zaila, beti izan da zaila, baina egia da irakurzaleak ere baditugula, eta internetek ez dizkigu kentzen, bata eta bestea elkarren ondoan doaz, hau da, liburuak irakurtzen eta erosten dituztenek internet ere erabiltzen dute, edo alderantziz. Gauza bat da informazioa bilatzea eta bestea irakurketaz gozatzea.

Hala ere, liburua saltzeko merkatu errazik ez dago inon, ezta Algortan ere. Hala eta guztiz ere, bezero kopuru bat dugu, gainera, nahiko fidelak dira eta hori da gure salbazioa, asko ez dira baina sarritan etortzen dira.

Dona: Paperezko liburua erosteko eta irakurtzeko arrazoiren bat bururatzen zaizu?
Iñaki edozein ordutan mostradorearen atzean dagoen mutila da. Oso gaztea, baina berarekin hitz egitean berehala ikus daiteke ez dagoela adinik irakurzalea
izateko. Nahiz eta askotan esaten den gazteei ez zaiela gustatzen irakurtzea, hori ez da egia . Hitz egiten hasi bezain laster, konturatzen gara Iñakik, liburuei dagokienez, Alfredoren grina bera duela.


Iñaki: Internet oso tresna baliagarria da baina liburu bat irakurtzearekin ez dauka zerikusirik. Informazioa biltzeko internet tresna funtsezkoa da eta ordenagailu baten bidez erraz lor dezakezu. Hala ere, gauza bat da erabiltzea eta beste bat, gozatzea. Gozatu nahi baduzu paperezko liburua hartu behar duzu, xarma handia duelako eta ez baitago ezer irakurlearen eta liburuaren artean, komunikazioa guztiz zuzena da eta erdian ez dago komunikazioa oztopatzen duen ezer.

Dona: Orixan, erosi baino zerbait gehiago egin daiteke?
Iñaki: Orixara joanez gero nirekin berba egitea proposamen interesgarria izan daiteke. [kar kar kar]. Gainera, lokala handia da, jendea lasai egoteko guztiz aproposa. Bi pisu ditu eta goikoan sofa eta guzti, denbora gozatzeko, lasaia eta nork bere kabuz irakurtzeko.

Alfredo: Ondo egongo litzateke ekintza batzuk antolatzea, adibidez ,liburu baten aurkezpena Orixan bertan egitea polita izango litzateke, baina ez da hain erraza, kontaktua eduki behar duzu eta gainera betiko kontua da, hau da, diruaren arazoa. Oraintsu, adibidez, Ramiro Pinillaren aurkezpena egin da, baina Bilbon, merkatalgune handi batean, haiek dirua jarri dutelako.

Dona: Orixan aurki daitekeen zerbait berezia aipatu beharko bazenu, zer izango litzateke? Badago zerbait, besteak baino erakargarriagoa?
Alfredo: Euskal literatura biltzea da gure asmoa baina gaur egun liburuak saltzen dituztenak kateak dira edo supermerkatu handiak. Dena dela, saiatzen gara zerbait desberdina izaten, jakina, eskaini behar dira best-seller-ak, baina hauetaz gain beste titulu batzuk, ekartzen ditugu, aguantatu arte, ba denbora gehiegi ez baitira saltzen – bi edo hiru hilabetean zehar- ezin da jarraitu, epe hori pasa ondoren berri batzuen truke aldatu behar ditugu eta.

Dona: Publikoaren aurrean lan egiten duzunean, beti dago anekdota bitxiren bat kontatzeko, ezta?…
Iñaki: Pasa den egunean motxila bat erosi zuen neska bat sartu zen mostradorearen atzean. Berak motxila oparitzeko asmoa zuen eta pakete polit bat nahi zuen. Nik hori egiteko oso trasto naizenez, di-da batean neskak berak nirekin paketea egitea erabaki zuen. Elkarrekin egon ginen bukatu arte, polita geratu zen eta eskertzekoa izan zen. Oso naturala zen neska eta askotan naturaltasun hori eskertzekoa da.

[Elkarrizketaren amaieran bezero bat agertu da dietario baten bila, eta bata eta bestea berehala prest daude bere eskaera betetzeko. Egia esan, lan hau erraza ez da].

Pixka bat pentsatuz gero, gure garaian erromantizismorako lekurik ez dagoela ematen du. Dena etekina edo galera da, beraz, oso zaila da ohiko liburu denda batean lan egitea. Zorionez, beti daude salbuespenak eta haiei esker gure herrian oraindik bizitza atseginagoa dugu. Aukera desberdinak eduki nahi baditugu, geuk ere lagundu behar dugu eta gure herrian bertan erosketak egin behar ditugu. Honela, multinazional bati liburuak erosi beharrean, gure auzokoei erosi behar dizkiegu, eta horretaz gain, irakurketa bultzatu. Azken finean, nori ez zaio gustatzen ipuin bat entzutea? Gainera, Orixaren kasuan bezala, euskaraz egiteko aukera baduzu, askoz hobeto. Hurbildu zaitez lasaitasunaz eta irakurketaz gozatzera.


:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Iñigo Fernandez de Martikorena | GETXO UDALERRIKO EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ

Maiatzaren 3an erdu Ondarrura

“Euskaraz Biziz Euskal Herri euskalduna eraiki" lelopean, maiatzaren 3an, VI. Hizkuntz Eskubideen Eguna egingo du EHEk Ondarroan. Ekimen hori euskarazko egun osoko festa eta salaketarako eguna da. Egun osoan euskaraz bizi eta gozatzeko egitarau zabala izango da, kale animazio, herri-bazkari, ikuskizun, gune, kontzertu eta abarrekin. Zesatek! eta Trikizio taldeak izango dira oholtza gainean. Manifestazioa eta ekitaldi nagusia ere izango dira bazkalaurrean.

Euskal Herrian euskaldun gisa bizitzea zaila da, eta are gehiago gurea bezalako eskualdeetan. Behatokiak urtero egiaztatzen duenez, administrazio guztiek urratzen dituzte gure hizkuntz eskubideak eta urtero urraketa berberak egiten dituzte, konponbiderik jarri gabe. Baina, Euskal Herri euskalduna eraikiko bada, hizkuntz eskubideak bermatzeaz gain, beharrezkoa izango da euskaldunon komunitateak euskaraz bizitzeko hautua egitea.

Horregatik, Ondarroan ospatuko da Hizkuntz Eskubideen Eguna, euskara hutsez bizitzeko hautua egin duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari (UEMA) babesa agertzeko. Izan ere, Ondarroa eta Lekeitiori UEMA uztea agindu zieten epaitegi espainolek eta Lea Artibai eskualde bereko Mendexa, Munitibar eta Etxebarri udalerrien kasuan, ordea, EAJ izan da UEMAtik atera dituenak, euskaldunon erakunde bakarra ahulduz.

Hori horrela, Getxo udalerriko EHEk gonbidatzen zaitu Ondarroara hurbiltzera, euskarazko hautua egin duen gune euskaldun batean egun atsegin bat igarotzera eta zure sare sozial euskalduna handitzera. Horretarako, gainera, autobusa antolatu dugu. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: guraso.com

Gurasoen premiak asetzeko helburuarekin sortu dute guraso.com webgunea. Adin guztietako haur zein gaztetxoen gurasoei erabilgarria egingo zaien gunea da hau.

Guraso berrientzako informazioa, guraso eskola, hezkuntza aisialdia eta osasunari buruzko artikuluak… hori eta askoz gehiago topa dezakezue gurasoentzako webgune honetan. Umeekin egiteko jolasak edota familia giroan gozatzeko planak proposatzen dizkigu, besteak beste; egokitutako kultur agenda ere dugu ikusgarri.  Begirada bat eman eta noraino lagun zaitzakeen ikusiko duzu. Benetan merezi du.  ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

HARPIDETZA + PARTE HARTU + GU NON?

Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteen lanaren emaitza duzue kliska, e-postaz harpidetzeko hemen: info.kliska@gmail.com
Parte hartu, galdetu, proposatu edo informazio gehiago gura baduzu: 94 491 4357 & 619 935 541. Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa, 48991 Algorta GETXO.

egileak eta babesleak