Gurasoei haurren elikadura orekatzeko tailerrak ari zaizkie ematen Amaia Diaz de Monasterioguren
Amaia Diaz de Monasteriogurenek badu haurren elikadura orekatzeko errezeta. Elikadura aditua da bera, nutrizionista, eta urrian Ttarttalok eta BERRIAk Fagorren laguntzarekin argitaratu zuten Handitzen, handitzen liburuaren egilea da. Hamabi urtean esparru horretan jaso duen esperientziarekin orain haurren elikaduraren gainean gurasoentzako tailerrak ematen hasi da. Azaroaren 4an egin zuen lehena Bilbon, eta bigarrena bihar emango du Iruñean. «Haur askok gaur egun eskolan bazkaltzen du, eta haurrek elikadura orekatzeko, eskoletan dituzten menuetatik abiatuta, afarietan eta gosarietan oinarritzen naiz. Ez dago ezer ere debekatuta, baina garrantzitsua da momentua eta neurria ondo ezagutzea».
Gurasoek luparekin aritzeko astirik ez dutela aintzat hartuta ere, haurren elikadurari denbora eskaintzearen aldekoa da Diaz de Monasterioguren. «Sukaldaritza kultura galtzen ari da, eta bezperan ere ez gara askotan kezkatzen hurrengo eguneko bazkariaz. Haurren hileroko menuak aurretik badakizkigu, zergatik ez dugu hartzen astean denbora bat menu horiek nola orekatu pentsatu eta erosketak egin eta asteko otorduak prestatzeko?», galdetzen du Diaz de Monasteriogurenek. Eskoletako menuak batik bat lekaleetan eta arrainean edo haragian oinarritzen direla jakinik, afalorduan hori barazki, zopa eta entsaladarekin osatzea proposatzen du, beste gomendio batzuen artean.
Otorduak prestatzeko zeregin horretan, gainera, haurrak parte hartzea garrantzitsua dela dio, eta haurraren imajinazioarekin jolasteak ere laguntzen duela, esate baterako, jakiak ezagutzen dituzten pertsonekin identifikatuz: «Hauek izebaren baratzeko porruak direla esanez, beheko tabernariaren kroketak beste horiek…».
Trikimailuak lagungarri
Bere esperientzian oinarritzen da Diaz de Monasterioguren, eta ikasitako trikimailuak irakasten ditu tailerretan. Berak dakizkien trikimailu horien artean, plater berriak afarietarako ez prestatzea aholkatzen du: «Haurra nekatuta egoten da gauerako, eta errazago botako du atzera. Gauza berriekin hasteko egokiagoa da, esate baterako, larunbatetako bazkaria». Haren hitzetan, gainera, askotan bazkaria otordu nahiko aldrebesa izaten da etxean, goizeko eta arratsaldeko lanaldien artean gurasoak ere urduri eta denbora gutxirekin iristen direlako mahaira.
Umeen elikadura orekatzeko, eta plater bat edo bestea ez baztertzeko, plater konbinatuen aldeko apustua egiteko eskatzen du Diaz de Monasteriogurenek. «Ez dago zertan beti hiru plater jan beharrik. Askotan errazio txikiagoekin plater konbinatu osoagoa eskain diezaiokegu haurrari. Neurriarekin jolasteaz gain, ontziarekin ere jolas dezakegu».
Tailerretan irakasten dituen gomendio eta aholku horiek guztiak, haurrentzako 200 errezetarekin batera, Handitzen, handitzen liburuan ere jaso ditu Diaz de Monasteriogurenek.
Donostian, azaroaren 18an. Datorren astean Fermin Calbeton kaleko Elkarren megadendan ariko da, 19:00etan.
Gasteizen, azaroaren 25ean. Azken tailerra Gasteizen emango du, San Prudentzio kaleko 7. zenbakiko Elkar aretoan.
Leave A Comment