Algortan, 2010eko urtarrilaren 23an
Goizeko zortzi eta erdietan batzekoak ginen, baina bederatziak arte ez ziren heldu berantiarrenak eta ez genuen lortu txangoa ondo antolatzea bederatzi eta laurdenak arte.
Irten ginen eta zuzen zuzenean joan ginen autopistatik Itziarreraino; autopistatik irten eta gero, errepideko biribilgune ondoan dagoen tabernan, ordurako indar barik geundenok zer edo zer hartu genuen.
Berrindartuta, talde bitan banandu ginen, kirolarien taldea eta kulturazaleena.
Argitsuenen taldea Potxoren etxerantz abiatu zen, bi autotan, eta ikaragarri malkartsu eta bihurgunetsu den bide bat igaro eta gero heldu zen Potxoren etxera, itsasoaren gainean dagoen toki izugarri polit batera.
Argitsuen talde hau Agurtzane, Garazi, Lola, Marga, Rocio, Jonpeli, Joserra eta Juanmik osatu genuen.
Taldekook bertara heldu ginenerako Potxo gure zain zegoen etxearen aurrean eta, elkar agurtu eta gero, barrura sarrarazi gintuen.
Barruan geundela, lehenengo eta behin, beheko areto nagusian eskegita zituen margolanei buruzko azalpenak eman zizkigun, denetarik zeuden: handiak, txikiak, apunteak…
Margolan polit horiekin amaitu eta gero, hasi zitzaigun armairu antzeko egitura berezi baten barruan gordeta zuen margolan pilo bat erakusten. Margolan gehienok paisaiak ziren, toki askotakoak, bai Euskal Herrikoak, bai Espainiakoak, bai Frantziakoak, (Buenos Airesekoak bai, baina Argentinakoak ez).
Azkenerako utzi zituen Margolan garrantzitsuenak, euren artean ia tamaina naturaleko Joserraren erretratua; bazeuden beste erretratu batzuk ere, hala nola: Potxorena, berarena, Rafa Arraterena eta Elu Artetarena; hala eta guztiz ere, Joserrarena baina garrantzi txikiagokoak guztiak.
Honen ostean, Potxok ezuste galanta eman zigun, ez zigun atera bada, hamaiketako itzel bat, gazta, pernila, txorizo, ardo on eta, gidarientzako, uraz osatua. Hamaiketakoa egiten genuen bitartean ondo dantzarazi genien mingainei, batez ere, gidari lana bete behar ez zutenek.
Geroago hamaiketakoaz ondo baliatu ginen talde kulturalekook kirolarien taldekoei haien muturren aurretik pasarazteko.
Hala ere, guztiontzat prestatu ziguten bazkaria benetan ona izan zenez, kirolariei arin ahaztu zitzaien gure hamaiketakoaren kontutxoa.
Bazkaria bakarrik ez, bazkaria hartzeko tokia ere ondo aukeratuta egon zen, eta eskerrak eman behar dizkiegu antolatzaileei ondo egindako lanagatik; gero txangora joan ginenok ere, saiatu ginen, baita lortu ere, giro polita sortzen.
Honezkero, txango erdiari buruz falta zaigun informazio bakarra azken momentuan atera ziren argazki bietan agertuko dena da; baina hori aurkeztea beste batzuen ardura da.
Leave A Comment