Urtarrilaren 23ko irteeraren bigarren kronika, edo falta zen kronika duzue hau. Jonek eginda, eskerrik asko!

Goizeko hamarretan Itziarrera heldu ginen. Kafetxoa eta pintxo bat hartu ondoren, agurtu genituen margolariak eta gure abentura hasi genuen. Zerua gris zegoen eta euri pixka bat ari zuen, baina denok joan ginen lokatza ibilaldia deitu genionera.

Jaisten hasi bezain laster prakak eta botak marroiak bihurtu ziren. Osto ugari zeuden ibilbidean, denak bustita. Bapatean ohiu bat entzun genuen, basurde bat zela pentsatu genuen, baina norbait jausi zen. Errekara heltzea lortu genuen, zuhaitz enbor bat salto egin eta gero. Batzuek errekan hanka sartu genuen baina holan botak lokatzez pixka bat garbitzea lortu genuen.

Batzuek makilak zeramatzaten, beste batzuek aterkiak, beste batzuek ezer ez, bakoitzak bere erara iraun zuen bizirik. Bapatean Donostiako trena gure gainetik zegoen zubi txiki batetik pasatu zen. Ordu eta erdiz ibili ondoren kolunpio (edo kulunka) batzuk zeuzkan zelai batera heldu ginen. Batzuek txorizoa, beste batzuek mandarinak, guztiok hartu genituen indarrak gure ibilaldia jarraitzeko.

Baserri batean norabidea galdetu eta hasi ginen igotzen, eta igotzen, paisaia polita zen, baina igotzen, eta bapatean, mendi tartean gure itxasoa agertu zen. Denak harrituta geratu ginen, norbaitek kontesa tarta bat zirudiela esan zuen, laminan banatuta zeuden harri luze batzuengatik. Surfistak hor zeuden ere, euren gauzak egiten. Foto batzuk egin eta gure marka zurigorri lagungarriak jarraitu genituen, ala zuri-horiak ziren? Nork daki.

Ia galdu ginen baina azkenean gure bidea ikusi genuen. Donostiako treneko errailak salto egin genituen. Eta trena etortzen bada? Hobeto gauza horiek ez pentsatzea. Gero igotzeko bidea zegon. Ezin genuen gehiago, eta ambulantzia bat eskatzen badugu? Gutxi falta da. Bapatean gure kotxeak ikusi genituen urrunean. Salbatuta geunden! Pixka bat gehiago ibili eta amaitu genuen gure ibilaldia. Nekaturik baina pozik guztiok, gure familia ikusiko dugu berriro!! Margolariak haien kotxeetan barrezka etorri ziren, baina denok lagunak. Bueno, batu ondoren jatera goan ginen, benetan behar genuen.

Hurrengorarte!! Jon M.