Burbonan talde-argazkia

Burbonan talde-argazkia


Bilbon, 2011ko urtarrilaren 22an

Larunbatean izan genuen urteko lehen mendi-irtenaldia, betiko moduan arrakastatsua izan zen, nola ez, bada! Ekintza horren zain geundela nabaritu zen; izan ere, hogeita hamairu lagunek (Aker barne) osatu genuen taldea eta guztiok hartu genuen gogo handiz ibilbidea.

Erritmo bizian bost bat orduko ibilbidea bete genuen Gorbeiako pagadi batean zehar. Pago bihurrituen artean eta udazkenak utzitako hostoak zapalduz ibili ginen solasean berbalagunok. Hotzaren eraginez, putzuak izoztuta aurkitu genituen eta kristal meheak izango balira bezala apurtzen ziren oinkatzen genituenean. Azken Burbonara ailegatzeko aldapa bat izan ezik, ibilbide osoa laua izan zen.

Tontor bakoitzean atsedentxoak eginez hamalau kilometroko ibilbidea bete genuen, baina gauza bat faltan izan genuen: hamaiketakoa, hain zuzen ere. Batzuen ustez, mendian egiten diren txangoetako oinarririk garrantzitsuena hamaiketakoa da, baina hotzagatik eta denbora faltagatik ezinezkoa izan zen. Dena den, hamaiketako eder bat egin beharrean, fruitu lehorrak, fruta-ale batzuk, txokolatea eta Itxasoren zahatotik ardo beltz zurrutadaren bat ere hartu genuen, bidean indarra hartzeko.

Zero azpiko tenperaturak eta hamiketakoaren kontua alde batera utziz, txangoa bikain gertatu zen. Mikeli eta bere GPSri esker inor ez zen galdu eta ustekabekorik ez. Roziori eta Landerri eskertu behar diegu talde-antolakuntza ezin hobea egiteagatik eta partaide guztiei ere giro polita sustatzeagatik. Ea datorren hitzorduan norbaitek azaltzen digun ze demontre diren Burbonak, ze whiskiarekin harremanik ez daukatela bistan dago. Besterik gabe, hurrengora arte.

Aitor