Jostunon familia-argazkia

Jostunon familia-argazkia


Bihar, otsailaren 25ean, ostirala, 17:30ean Algortako Villamonte kultur etxean elkartuko gara Getxoko hainbat euskaltzale. Sarea josten ekimenarekin jarraituko dugu aurrera, oraingo honetan berbakafea antolatuko dugu, elkartzeko, elkar ezagutzeko eta ditugun kezkak, hausnarketak eta ideiak konpartitzeko. Euskararen egoera Getxon eta Sarea josten ekimena bera izango ditugu berbagai, etortzeko izena ematea komeni da, jakiteko aldez aurretik zenbat lagun izango garen. Parte hartzeko gogorik baduzu, deitu, eta lotuko gara. Hemen behean dituzue berbakafearen azalpen zehatzak, helburuak, eztabaida pizteko galderak…

Zer da berbakafea?
Berbakafea edo word coffe dinamika bat da, metodologia bat, pertsona batzuek gai batzuei buruz hitz egiteko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko, denon artean.

Zein da helburua?
Helburua oso xumea da: elkartu, elkar ezagutu, esperientziak trukatu eta, ahal den neurrian, denon ekarpenak testu batean adostu. Talde-terapia modukoa ere bada, ikuspegi desberdinak ezagutzeko eta norberarena aberasteko.

Nola egingo dugu?
Hiru orduz (17:30-20:30) 36 lagun elkartuko gara, Getxoko hainbat talde, elkarte eta eragiletakoak, baita norbanakoak ere, eta honako bi puntu hauen inguruan hausnartu, eztabaidatu eta hitz egingo dugu: euskararen egoera Getxon eta Sarea josten ekimena. 6 taldetan banatuta, seinaka jarrita, galdera hauei erantzungo diegu:

1. atala: Euskararen egoera Getxon

– Euskaraz bizi zara? Zergatik? Zein egoera duzu etxean, koadrilan, lanean, etabarretan?

– Zure ustez, nolako egoera dugu euskaldunok Getxon? Zergatik?

– Zer egin dezakegu Getxon euskaraz bizitzeko?

2. atala: Sarea josten

– Zertan lagun dezake Sarea jostenek Getxo euskalduna lortzeko prozesuan?

Noiz: otsailaren 25ean, ostirala, 17:30ean
Non: Algortako Villamonte kultur etxean
Iraupena: 3 ordu (17:30-20:30)