Heldu den martxoaren 19an izango da, Gernika-Lumon, Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik deitu duten Euskaraz Bizi Eguna. Agerraldi honen bitartez, jaia eta aldarrikapena uztartuz euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu berriz ere euskaraz bizi nahi duzuen guztiei.
Pasa den hilean Donostian bildu ginen milaka eta milaka euskaltzalek garbi adierazi genuen sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe izateko eta agertzeko garaia iritsi dela eta hautu horretan urratsak emateko prest gaudela. Argi eta ozen helarazi genuen euskararen eta euskaldunon aurkako erasoak etengabeak diren honetan eta mendeetako asimilazio prozesuaren ondorioz Euskal Herrian gaztelera eta frantsesa hizkuntza nagusi diren honetan, ezin garela bizi euskaraz euskararen herrian bertan.
Euskaraz Bizi Egunaren bidez, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.
Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegu. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekoa da horretarako. Euskaraz bizitzeko hautua egin eta lehentasuna eman behar diogu euskarari norbanakotik hasita, baina guk emateaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan.
Aurten bigarrenez ospatuko dugun Euskaraz Bizi Eguna, euskaraz bizitzearen aldeko hautuan indartzeko eguna izango da; baina ez hori bakarrik. Datorren martxoaren 19a euskaldunok sasi artetik jauzia egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna izango da; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela erakusteko eguna, alegia.
Horretarako bildu gara gaurkoan hemen, Euskaraz Bizi Eguneko egitarauaren zati handiena aurrera eramango den Pasealekuaren parean, eguneko deitzaileak zein aipatu egitasmoa hezurtzen eta haragitzen ezinbestekoak diren eragile eta norbanakoak.
Hau guzti hau irudikatzeko baliatu nahi ditugu euskaraz biziko den herriaren erakusleiho izango den aurtengo Euskaraz Bizi Eguna eta bertako egitaraua; eta horretarako ezinbesteko aliatuak ditugu Gernika-Lumon bertan. Esan bezala, egiteko dugun bide horretan auzolanetik emango ditugu urratsak nahitaez, eta Euskaraz Bizi Eguna auzolan horren beste adierazle bat izango da. Hortaz, eskerrak eman nahi dizkiegu hemen diren Elai Alai dantza taldeari, Iparragirre Rock taldeari, Hitzari, Berbalagunekoei, Inpernu eskalada taldekoei, Seber Altube ikastolari, Gernika-Lumoko euskalgintzari, Ander Elortegi bertsolariari, Antolinape Kultur Elkarteko kideei, Gernika-Lumoko Gazte Asanbladari, Euskaraz Bai-ko teknikariari, AEK-ko kideei, Sarkor taldeari, Gautegiz Arteagako alkate andreari, Gernika-Lumoko euskara zinegotziari, (Murueta, Kortezubi, Busturia, Mendata eta Foruko) sokatiralariei, eta agerraldian parte hartzeko aukera izan ez arren egunean bertan parte hartuko duten Onintza Enbeita, Beñat Ugartetxea eta Igor Elortza bertsolariei, Joxpa eta Betagarri taldeei egun hau prestatzen lagundu eta bertan parte hartzeagatik.
Egitarau oparoa
Pasealeku inguruan bilduko da eguna; goizeko 11:00etatik aurrera erakusketak, kale animazioa, soka-tira saioa, “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” dokumentalaren emanaldia, itsasgarrien erakusketa, euskalgintzaren azoka eta abar egongo dira. Lehen ordutik hasita, musika, dantza eta eskalada tailerrak. Haurrentzako puzgarriak eta tailerrak; Berbalagunek antolatutako “Euskalduna naiz eta harro nago!” mendi-martxari harrera…
Eguerdian 500 lagunentzako herri-bazkaria antolatu dugu. Aurten baina, bertso-bazkaria izango da. Igor Elortza, Onintza Enbeita, Ander Elortegi eta Beñat Ugartetxeak hartuko dute parte bertan eta Josu Goiko arituko da gai-jartzaile lanetan. Arratsaldean Sasi guztien gainetik euskaraz bizi! lelopean manifestazioa egingo da, eta bukaeran, ekitaldia.
Kale animazioarekin jarraituko du egunak eta iluntzean, kontzertuek hartuko dute lekukoa. Betagarri eta Sarkor arituko dira lehenik oholtza gainean, eta ondoren erromeria egongo da Joxpa taldearekin. Agerraldi honen bitartez dei egiten diegu euskaltzale guztiei martxoaren 19an Gernika-Lumora joan eta Euskaraz Bizi egunean parte hartu dezaten.
Euskaraz bizi!
Euskal Herri euskalduna eraiki!
Euskal Herrian Euskaraz
Leave A Comment