Pasa den martxoaren 12an Egizu Getxo Euskaldun elkarteak irteera bat antolatu zuen bizikletaz, Enkarterrietako herrietatik. Ni ez nintzen haiekin inoiz ibilia, baina eskualde horretan oso gutxitan ibilia naizez, oso erakargarria iruditu zitzaidan, eta joatea erabaki nuen.
Bilbon metroa hartu eta 9:25ean Bizkaiko zubian agertu nintzen, han 9:30ean hitzordua zegoela eta. Barakaldoko bi mutilak hortxe ziren odurako, eta laster hirugarrena agertu zen: David (hara non, ezaguna, udan AEK-ko barnetegi ibiltarian elkarrekin ibili ginen eta), eskualdea primeran ezagutzen duena, ibilbidea egiteko gidaria. Pixka bat geroxeago, Faduran bildu ziren taldeko gehienak, 16 lagunak, heldu ziren.
Aurkezpenak eginda, Daviden atzean abiatu ginen Portugeletetik Muskizera doan bidegorria hartzera. Bidea oso erosoa denez, bakoitzak bere erritmoa hartu zuen, bidegurutze batera heldu arte. Han guztiok bildu ginen. Eskumatara utzi genuen Muskizerantz doan bidea eta Gallarta aldera jarraitu genuen. Momentu batean berriro eskumatara desbideratu ginen Galdameseko bide berdea hartzeko (antzina ikatza garraiatzeko trenbidea zen). Herrira heldu baino lehen, auzo batean, El Puente tabernan gelditu ginen (txirrindularien geldiunea omen da, gutaz gain beste batzuk ere gelditu ziren) eta hamaiketakoa hartu genuen; eta aldi berean, albokoarekin berba egiteko (mugimendu barik) aukera izan zen.
Berriro bizikleta gainera, eta errepidetik (trafiko gutxi dago, beraz, trankil joan ginen banan-banan) Galdames herria pasatu genuen, GueƱes, Sodupe eta Alonsotegiraino. Alonsotegin enparantzan gelditu ginen bokata hartzeko, herriko jendea artean bermuta hartzen ari zen bitartean. Ordu biak pasata ziren. Eguzkitsu zegoen eta primeran egon ginen hor lurrean jesarrita, janaria partekatuz, eta albokoak pixka bat gehiago ezagutuz. Giroa adiskidetsua zen, ni oso eroso eta gustura sentitu nintzen.
Hiruretan-edo bidean segitu genuen Barakaldoraino. Guztiok elkartu ginenean Roziok taldeko argazkia atera zuen. Talde barruan nago jadanik eta poz-pozik gainera, hurrengo irteeretara, ahal dudan guztietan, duda barik joango naiz, plana eta jendearen artean sortzen den giroa asko gustatzen zaidalako.
Alonsotegitik Zorrozaraino elkarrekin jarraitu genuen eta hemendik bakoitzak bere aldera, agurrak eta hurrengora arte. Nik Bittorrekin Zorrozaurretik Bilbora”.
Eskerrik asko, Bilboko Bego Ramirez, plazera izan da zurekin pedaleatzea!
Leave A Comment