Aian hamaiketakoa egiten / argazkia: Cristina

Aian hamaiketakoa egiten / argazkia: Cristina

Maiatzaren 21ean 8:30ean Fadura kiroldegian elkartu gara. 20 lagun inguru izan gara irteeraren onuradunak. Egizuren jardueren jarraitzaile leialak ez ezik, aurpegi berri batzuk ere antzeman dira. Burbonetan bezala, gurekin batera txakur zintzo bat etorri da, Jako du izena gizagajoak.

Denok Gipuzkoalderako bideari ekin diogu. Hamarrak inguruan heldu gara Iturraran parketxera, baserri eraberritu batek haritz oholez osatutako egitura ikusgarria agerian utzi digu. Era berean, neska polit eta jatorra dago gure zain baserrian. Ongietorria eman ondoren Pagoetako parke naturalaren gainean ikus-entzunekoa eta erakusketa eder bat erakutsi digu. Jada prest gaude kanpoko naturaz gozatzeko.

Baserria inguratuz, aniztasunez osatutako lorategi botanikoa dago baina geroago utziko dugu, orain Agorregiko burdinola eta errotak miatzeko ordua baita. Agorregi hitzak eskasia adierazten duen arren, erreketako korronte ugariak hornitzen ditu errotak. Aho zabalik geratu gara halako azpiegiturak ikusteaz eta monitoreak emandako azalpenaren ondoren, seguru aski denok hausnartu egin dugu gure arbasoen eginbeharrez. Nola ez bada, hausnarketa eguna da eta! Behin errotak eta burdinolaren
funtzionamendua azalduta, monitoreak agurtu egin gaitu eta Aiarantz aldapan gora abiatu egin gara.

Aiarantz bidean zuhaitz eta landare ikasgai magistrala jaso dugu Josuren eskutik. Maldan gora baina gustura heldu gara Aiara. Hamaiketako jate izugarria herriko plazan, bertokoek begiratzen digute estralurtarrak izango bagina bezala. Jan-edanaz bapo egin ondoren Mikelek argazki panoramikoak atera dizkigu eta prest gaude parketxera bueltatzeko. Aiatik ikusten diren bisten edertasunaz gozatu dugu aldapan behera eta ohartu gabe heldu gara parketxera. Atseden bat egin eta gero, batzuek ospa egin dute berandu zela eta. Gainerakoek lorategi botanikoa ikusten jarraitu dugu eta amaitzeko eta mundua konpondu nahian luze aritu gara solasean. Bueltatzeko ordua da, hurrengora arte.