Berbatxangoa: Josuri adi Arriluzen

Berbatxangoa: Josuri adi Arriluzen

Askok dakizuenez, igande goizean berbabus batean beste berbatxango bat egin genuen: Uribe Kostako portuak eta ohiko arrantza. 40 lagunek egin genuen bisita, kopuru majua dudarik gabe. Aurreikusita zegoena bete egin zen. Azalpenak oso interesgarriak izan ziren, bitxikeriz josita, eta publiko guztientzat egokiak. Gezurra dirudi, hain gertu dauden gauza batzuei buruz ze gutxi dakigun!, edo hobeto esanda, zenbat dugun ikasteko!

Josu Larrañagaren azalpenek, eta tamainako taldeak Armintza esnatu zuten. Lasai ikusi genuen, portua, bere aldaketa, bere jatorria eta bere oraingo arrantza-ontziak. Han gauza txikiak eta bitxiak deskubritu genituen: itsasontzien matrikularen lengoaia ezkutua, adibidez; eta gauza handiak: Armintzako otarrain famatuak, dudarik gabe. Zoritxarrez, antolatzaileek ez zuten hori kontuan hartu, eta ez gintuzten gonbidatu itsaski hori jatera (ulertezina eta antolakuntza-akats larria, jakina). Hurrengoan izango da. Plentzia esnatuta zegoen, baina aktibitate gutxirekin, hemen Josuk ikusarazi zigun “betikoa” ez dela existitzen, asko aldatu direlako gure herriak denbora gutxian.

Plentziako txalupak: Victoria Bengoa

Plentziako txalupak: Victoria Bengoa

Amaitzeko Arriluzeko eta Portuzarreko oraingo aztarnak ikusi genituen, txalupak, traineruak… Jende asko ibiltzen ari zen Ereagatik, eta gurekin gehiago. Txangoa amaitu genuen Etxetxupean, non hobeto!

Azalpenez gain, aipatu behar da ze argazki bilduma atera zigun gidariak. Hori meritua! Baina argazki zaharrak izatea soilik ez da nahikoa. Aztertzaileak denbora “galdu” behar du bere gainean, horrela, kontatu zigun Josuk luparekin eta guzti aztertzen direla argazkiak edozein ustekabe aurkitzeko.

Argazki politak erakutsi zizkigun eta argazki polita egin genuen guk, demostratzeko gauza arinak zein sakonak antola daitezkeela gure kulturaren inguruan, eta euskaraz ere egin daitezkeela, ondo antolatzen badira eta erakargarriak planteatzen badira, hau bezalakoa.

Zorionak eta hurrengora arte.