Larunbatean, goizetik, jentil-koadrila ederra abiatu ginen euskaldunon erlijio zaharrak gure eskualdean izan zituen hiru leku magiko ezagutzeko asmotan. Taldea Algorta, Erandio eta Sopelako hankabikook osatzen genuen, Fredi Paia basajaunaren gidaritzapean.
Algortatik ateratako autobusak Lemoiz eta Bakio artean utzi gintuen. Peregrinazio batean legez, gazte, heldu eta gazte izandakook Jata mendi inguruko Belateko landarako bide malkartsua hartu genuen. ‘Han goitik itsasoa ikusten da’ esan zuen baten batek. Itsasoa eta Gaztelugatxeko Doniene, eta asago Anboto.
Frediren bertso eder batek segituan kokatu gintuen zeru-lurren arteko Belateko landan. Bertan, Lemoiz, Gorliz eta inguruetako artzainak batzen ziren. Han baino ezin zitezkeen animaliak sendatu. Hitzarmenek, paraje hartan, lege-balioa zuten. Ordainketak ere bertan egiten zituzten. Garoa hazten ez den leku patogeno horietako bat zela jakin genuen. Anbotoko Marik handik gertu zeukan bizilekuetako bat.
Lehengo euskaldunek guk gaur egun duguna baino lotura estuagoa zuten naturarekin: sugeekin, ilargiarekin…
Entzundakoek gure barruan oihartzun egiten zutela, autobusa hartu eta Gorlizerako tartea derrepentean pasatu zitzaigun janari-festan: mandarinak, sagarrak, fruitu lehorrak…
Gorlizko Guzurmendi mendiko Jentilbaso izeneko basoan Jentilkoba edo Jentilzuloa bisitatu genuen. Kobazulo txiki horretan jentilak bizi omen ziren. Izaki erraldoiak, basatiak eta jakintsuak ziren jentil edo mairuak, gu baino lehenagokoak.
Azkenik, Sopelako Fraidemendira igo eta bertan, sorginen bilgunea ezagutu genuen. Orain gutxira arte Santa Kurtze egunean, bertako munarria lorez apaintzen zuten. Kristautasunak lehenagoko leku paganoak bere bidera ekartzeko modu bat zen agian. Sorginak biltzen ziren leku gehienetan ur-deposituak daude gaur egun; nola zekiten lehengoek ur-azpian ura zegoela? Eta kasualitatea izango da baina latexa nonahi ageri da parajeotan. Zergatik ote?
Algortar askok, erdara batuan esan ohi duen legez, gure gidari finak ere “a mí lo que me han dicho”. Hori baino ez zigun esan.
Goiz-pasa ederra egin genuen: eguraldi zoragarria, leku bereziak, azalpen apartak, konpainia ezin hobea eta hori bai, den-dena euskaraz. Zer gehiago eskatu dakioke zapatu goiz bati?
Josu Larrañagak bidali digu kronika, eskerrik asko, Josu!
Fredi Paiaren eta Bene Markaidaren berbak entzun nahi badituzu, sakatu beheko audioetan:
Eskerrik asko Jone eta Santiri audioengatik, a ze talde-lana Sopela eta Getxoko berbalagunena!
Egun on, jentilok:
Lehengoan, “mitologia” barik “erlijio zaharra” esan dakiokeela aipatu zuen gure Fredik. Gaur jaso dut albistea, Bittor Kapanaga zenaren 1995eko hitzaldia (eta PDFa) jarri dute on-line; hauxe da izenburua: “Euskaldunen erlijio zaharra”. On egin!!
josu
Bittor Kapanaga zenaren hitzaldia Interneten entzungai (http://sustatu.com/1321394677?utm_source=newsletter&utm_medium=email)
Badihardugu Euskara Elkartea
Bittor Kapanaga euskalari, filosofo eta kulturgizon ezaguna duela 4 hilabete hil zen Gasteizen, uztailaren 14an. Urteetan zehar euskararen alde lan asko eta ugari egindakoa izan zen Kapanaga. 1995. urtean Bergaran eman zuen hitzaldi bat sarean jarri dugu.
Irakurri albiste osoa