Fraidemendiko munarria

Fraidemendiko munarria


Azaroaren 12an, larunbat honetan, urteko azken berbatxangoa izango dugu; irteera honetan gure eskualdeko mitologiaz berba egingo dugu Fredi Paiarekin, eta esanahi bereziko hiru leku bisitatuko ditugu: Fraidemendiko munarria Sopelan, Jentil koba Gorlizen, eta Belateko landa Lemoizen.

Ondo dakizuenez, berbatxangoak Sopelako Aitxu elkarteko kideekin batera antolatzen ditugu. Irteera hauetan edozein euskaldunek har dezake parte. Gure helburuak dira Sopela eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa, kulturala…) beti ere euskararen bidetik.

Noiz: azaroak 12, larunbata
Irteera: 9:00etan Algortako Kirikiñotik 9:15ean Sopelako elizaren aurrean
Nora: Belateko landa (Lemoiz), Jentilkoba (Gorliz) eta Fraidemendi (Sopela) bisitatuko ditugu
Autobusa: 3 €, umeek 0 € / Piskolabisa eskainiko dizuegu
Aldez aurretik izena eman behar da
Sopelan: aitxuizuba@gmail.com / 674.829.618
Getxon: www.egizu.org / 619.935.541
Anima zaitezte! Euskara eta kultura bizirik mantendu beharreko altxorrak

Hemen duzue gaian sartzeko Fredi Paiak prestaturiko testua, animatu, goizetik eguerdira arte gozatuko dugu elkarrekin!

Zer da mitologia? Kristautasuna zabaldu aurretik euskaldunok errealitatea ulertzeko pilatu genuen jakintza zaharraren hondar biziak. Mitoak era organiko eta integral batean azaltzen du mundua, errealitatea hainbat ataletan zatitzen duen pentsamendu arrazional zientifikoaren kontrara. Mitoa, beraz, kode enkriptatua da, hainbat atalen arteko elkarreragina sortzen duen inguru dinamikoa ulertzeko. Batzuetan hartu-eman etengabean dauden indarren pertsonifikazioak dira –sorgin, lamina, jentil, herensuge, Anbotoko señora…–, eta beste batzuetan naturaren funtzionamenduaz eta gurekiko eraginaz ulerpen maila handia lortu zuten arbasoen arrasto historikoak. Gure aurrekoek arreta handiz zehaztu zizkiguten indar horiek era ageriagoan sentitu daitezkeen lekuak. Horietako hiru leku magikotara joanda, gure eskualdeko espazioan eta denboran bidaiatuko dugu, milaka urtetako biziraupenak eragindako jakintzaren bila.

FRAIDEMENDIKO MUNARRIA
Sopelan dago. Inguruko baserritarren esanetan, sorginen bilgunea zen. Bertan dolmen itxurako munarri bitxi bat bada. Zenbaiten ustez, itxura antropomorfoa dauka eta bere oinetako zuloetan loreak ezartzeko ohitura zaharrari eutsi izan zaio Santa Kurtz egunez, orain hamarkada gutxi arte. Barandiaranen datuekin erkatu eta Mari, herensugea edo trumoia konjuratzeko maiatzaren hiruan egiten zen erritu zaharraren inguruan egingo dugu berba, beste gauza batzuen artean.

JENTIL KOBA
Gorlizen dago, Guzurmendin Jentilbaso deritzon basoan. Gizakiak eginiko koba da Barandiaranen ustez eta XX. mende erdialdeko indusketetan moluskuen oskolak aurkitu zituzten kobazulo atarian. Leku misteriotsu horren gainean, oraindino ere, inguruko edadekoei entzuten zaizkie jentilak, urrez beteriko idi-narruak eta Gorlizeko hondartzarekin nahiz Agerreko Andra Mari ermitarekin lotzen dituen tunelen inguruko esaundak.

BELATEKO LANDA
Lemoiz eta Bakio artean. Euskal toponimian, “ate” berba sarri ageri da izpiritualtasunarekin lotutako leku magikoak izendatzeko: Belate, Atilun, Ata, Arrate, Eunate. Jata mendi inguruko landa honetan batzen ziren lehen Lemoiz, Gorliz eta inguruetako artzainak. Soilik landa horretan senda zitezkeen abereak; hitzarmenak, lege balioa izateko, landa horretan egin behar ziren; bertan gurutzatzen zituzten abere arrazak; eta bertan egiten ziren ordainketak. Energetikoki alteratutako leku patogenoek gure kulturan izan duten berme izaeraren adibide hurbila.