Egun zoragarria lagun, hamasei bizikletero abiatu ginen Faduratik eta Portugaletetik Barakaldoko Agate Deuna ermitarantza. Faduran mendi-taldeko berbalagunak agurtu ostean, suabe-suabe joan ginen zubirantza. Eta maratoi frikiaren azpitik Portugaletera pasa ginen han gure zain zeudelako David eta Bego.
Ezarritako ordutegia baino apur bat beranduago heldu ginen Barakaldora eta hantxe egin genituen aurkezpen ofizialak eta aldapetarako prestaketa mentalak.
Barakaldo gure oinetan utzi eta gora-behera gogortsuen ostean heldu ginen ermitara. Hango gizon jatorrak oso modu atseginean eskertu zion Davidi bere bizikleta abereen putzu sakratuan bataiatu izana eta ezkonberriek argazki-sorta egin ziguten ermitaren atarian.
Gose ginenez, “Monster” familiaren tabernara hurbildu ginen eta behin konprobatuta onik irtengo ginela barrura sartu ginen hamaiketako duin eta garestia egitera, eguzkiak laztantzen gintuen bitartean. Baina bizikleterorik kañeroenek horrekin nahikorik ez eta gehiago nahi zutenez, berriro Barakaldora jaitsi beste zerbait igotzeko asmoz. Eguraldia aldatzen hasia zen eta gehienok erabaki genuen “verano azul” erritmoan etxera bueltatzea inoiz baino arinago.
Bego eta David apur bat gehiago nekatzera joan ziren eta guaito batzuek zintzurrak Portuzaharrean bustitzea erabaki zuten. Besteok txintxo-txintxo etxera, hurrengo irteeraren zain.
Landerren kronika izan duzue hau. Eskerrik asko, Lander!
espero det nire txirringa hamendik aurrera ez zulatzea… ez erorketarik pairatzea….
: )
Eta eskerrik asko argazkilariei eta argazkilarien laguntzaileei argazkiak Interneten jartzeagatik 😉