Arrabako mendietan

Arrabako mendietan


Iñaki Vidalek bidali digu kronika modu berezian, bai, bertso-kronika. Eskerrik asko, Iñaki!

Doinua: Limosnatxo bat

Gure lehenengo geldialdia
izan da Pagomakurra.
Handik aurrera jende askori
egin diogu agurra.
Zapaldu dugu Gorbeialdeko
zuhaitz jausien egurra,
oinkatu dugu harri artean
ikusten zen lur apurra,
oinen azpian izan ditugu
orbela eta elurra.

Elur zuriak ematen zuen
zulatutako irina.
Ume mordoxka hantxe jolasten,
ai gu ere haurrak bagina…
Hiru morrosko zeuden bidean
batek sorbaldan bai mina!
Hurreratuta esan digute
nahi zutela Aspirina.
Eman diegu denok pentsatuz
zer den mendirako grina.

Gure oinatzek markatu dute
bide ederra, malkarra.
Biziotsuak garenez gero,
badugu ohitura txarra:
Bazkalorduan, gose izanda
beti gelditu beharra.
Ipargortara heltzeko behintzat
hartu egin dugu indarra.
Horren ostean aterpetxean
zelako morroi zakarra!

Marxista orok ezagutzen du
Grouchoren keinu jatorra:
“Adimendua ta militarra
bikote kontraesankorra.”
Esaldi honi buelta emanez
zapaldu dugu tontorra.
Mendi maiteak eta zapalduk
dute lotura gogorra
urrats baikoitza Arrabaldean
izan baita maitekorra.

Victoria Bengoaren argazkiak dituzue hemen, eskerrik asko, Vic!