Berbatxangoa: Landareak gure kultur ondarearen zati

Berbatxangoa: Landareak gure kultur ondarearen zati

Maiatzaren 13an, igande honetan, udaberriko azken berbatxangoa egingo dugu, hau ere luxuzko saioa izango da, teoriko-praktikoa, basoaren erabilera tradizionalari buruzko azalpenak emango dizkigu Gorka Menendez Bacetak. Berez ernetzen diren landare jangarriak probatuko ditugu, landare pozoitsuak ezagutuko ditugu, eta amaitzeko, zauriak eta bestelakoak sendatzeko erremedioak prestatuko dizkigu. Iazko ekainean antzeko ibilalditxoa egin zuen Gorkak Derioko Berbalagunekin, hemen argazkiak eta kronika.

Ondo dakizuenez, berbatxangoak Sopelako Aitxu elkarteko kideekin eta Erandioko Berbots euskara-elkarteko lagunekin batera antolatzen ditugu. Irteera hauetan edozein euskaldunek har dezake parte. Gure helburuak dira Sopela, Erandio eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa, kulturala…) beti ere euskararen bidetik.

Noiz: maiatzak 13, igandea
Irteera: 9:00etan Erandioko gasolinon, 9:15ean Algortako Telletxeko markesinan (metro ondoan), 9:30ean Sopelako elizaren aurrean.
Nora: Urduliz eta Erandioko (Akarlanda) basoak.
Autobusa: 3 €, umeek 0 €
Aldez aurretik eman izena zure herriko elkartean:
Sopelan: aitxuizuba@gmail.com / 603 894 364
Erandion: www.berbots.org / berbots@gmail.com
Getxon: www.egizu.org / 619 935 541
Anima zaitezte! Euskara eta kultura, gozatzeko moduko altxorrak.

Zer da etnobotanika?
Etnobotanika herriek landareen inguruan gordetzen duten jakituria tradizionala aztertzen duen zientzia da eta gurean jakituria hori baserritarrek mantendu izan dute oraintsura arte.

Zeri buruz berba egingo dugu?
Ondare kulturalaren inguruan hitz egiteko orduan, lehenik eta behin ondare horren jagole izandakoen bizimodua eta inguruarekiko zituzten harremanak ulertzea komeni da. Iraganezko aditza erabili beharra dago, desagertutako bizimodu eta harremanez ari garelako. Izan ere, 40 urte dira gurean baserririk ez dagoela. Baserria sufizientzian oinarritutako sistema itxia izatetik, diruan oinarritutako merkatu ekonomiara egokitzera pasatu zen eta horretaz jabetzeko paisaiari begiratzea baino ez dago. Solo eta basoetan gertaturiko aldaketak, desagerpen horren erakusle garbiak dira.

Lehenagoko bizimoduan hortan, beraz, beharrizanak asetzerako orduan, inguruko bedar eta arboletara jotzea baino ez zegoen. Beharrizan horien artean osasunak itzelezko garrantzia zuen eta mendeetan zehar sendagarriak ziren landareen inguruko jakituria pilatuz joan zen. Zorionez, gaur egun, badira bizimodu hori ezagutu zuten atso eta agure gutxi batzuk ta horiei esker iraganeko mundu horretara leihotxo bat zabaldu genezake. Belarrik arruntenak ere hamaika erabilera dituela ikusiko dugu eta batzuekin enplastu, pomada eta infusioak ere prestatuko ditugu. Zuhaitzak ere erabilgarriak ziren; fruituak, enbor azalak, orriak… Eta ez bakarrik osasunerako. Landareak orokorrean gauza askotarako erabiltzen ziren baserrian: jateko, tresnak egiteko, jolasteko, etxeak babesteko etabarrerako ere balio zuten.

Hori guztia, Uribe Kostan bertan ikusiko dugu, gure etxetik oso hurbil.

Nor da GORKA MENENDEZ BACETA?
Galdakoztarra. Ingurumen Zientzietan lizentziatua. “Biodiversidad, funcionamiento y gestión de los ecosistemas” masterra. 2008tik etnobotanikako tesia egiten ari da Bizkaia eta Arabako zonalde ezberdinetan: Aramaio, Gorbea ingurua eta Karrantza.

Azken lau urte hauetan baserririk baserri joan da elkarrizketak egiten, batez ere lehen erabiltzen zituzten senda-belar, jateko landare eta ekosistemen kudeaketa tradizionalaren inguruan galderak eginez.