Bigarren urteari agur esan diogu!! Hamaika txango egin ditugu bi urte hauetan… eta datorren urtekoak ere dagoeneko patriketan gordeta!!! Ea azken osteratxoetan galdu ditugun ardi batzuk hurrengoetan itzultzerik duten….
Gure azken txangoan betiko talde trinkoa agertu zen, Eskumaldeko eta Ezkerraldeko power-a elkartuz, 12 lagun Enkarterrietara joateko. Aita zaharrak eta aita berriak lagundurik (ongi etorri, Haize!), etapa lasaia aurrean geneukala, lau-laua, honetan bai, eguzkipean hasi ginen pedalei eragiten.
Portugaletetik abiatu Ezkerraldea zeharkatuz, ardi galdu batzuk jaso Barakaldon, eta Zorrotzatik aurrera Kadaguaren ibilbidetik hasi ginen bere iturbururantz! Alonsotegin bidegorria hartu (eskertuko genuke lehenengo Tourreko aldapa hori pixka bat leuntzea, bederen) eta mantso-mantso La Cuadra, Sodupe eta Gueñes zeharkatu genituen barnealderantz.
Konturatu gabe, eta tropela banatuta, erromes batzuk bidetik atera baitziren Done Jakueren fedetik urrunduta, Gueñes utzi eta Zallara hurbildu ginen. Han, dena prest, “erromerian” parte hartu, ondo hornitu bazkaltzeko, eta berriro bidegorritik Bolunburu parkeraraino joan ginen.
Parkeko txiringito tropikalean edari freskoa hartu eta hariztipean bazkaria jan lasai-lasai. “Give me more gasoline” eta antzekoengandik urrundu, zezenak ere nonbait zeuden San Ferminak ospatzeko parkean antza, baina postrean arreta jarri genuen, Patxiren-Maddiren eskutik, palmerak desagertu ziren di-da eta sasi bainu bat hartu genuen ur gozoetan.
Kafeak, ginak, kopak, edo kalimotxoa hartuta, indarrez beterik, etxera berriro, hori bai, hiru ardi trenez handik bertatik, eta gainontzekoak txirrindulaz. Eta tropelak izugarrizko energiarekin markak hobetuz arineketan heldu zen berriro Enkarterrietatik itsasadarreraino!! Zaurituren bat, Barakaldoko kale basatiengatik,baina dena primeran berriro etxera, oporretara, datorren irailera arte!
A, eta gogoratu, izen lehiaketa abian dugu gure artaldetropelari erreferentzia jartzeko! Hasi botatzen!
Uda on eta gozatu berriekin!
Besarkada bat!
David
Mireiaren argazkiak hementxe, berari ere eskerrik asko!
Leave A Comment