Urriaren 28an, domeka, ikasturteko lehenengo berbatxangoa egingo dugu. Honetan, Getxo eta Armintza arteko kostalde bizkaitarrak bere arroketan gordetzen dituen aberastasun geologiko eta paleontologiko handiak behatuko ditugu. Ondasun honek eskualde honi garrantzia handia ematen dio bai ikerketarako, bai irakaskuntzarako, eta bai Lur- Zientzien dibulgaziorako ere. Euskal kostaldearen zati honetan batzen diren elementu geologiko eta paleontologikoek Uribe Kosta ofizialki bere osotasunean babestu beharreko eskualde berezia bihurtzen dute, eskualdeak duen balore zientifikoa oso handia baita. Bertako historiaren azken 200 bat milioi urte luze ezagutu daiteke eskualdeko arroketan. Hain denbora zabalean zehar eskualde honek aldaketa franko ikusi du, gehienak ur-azpian gertatutakoak.

Berbatxango honetan aukera izango dugu hori behatu eta ulertzeko Koldoren azalpenei esker. Sopelan Meñakotz, Atxabiribil eta Arrietarako ondasun geologikoa ikustatuko dugu. Getxon, berriz, Galea muturra bisitatu eta bertatik Bizkaiko Sinklinorioa, hots, probintzia osoa zeharkatzen duen egitura tektoniko nagusietako bat behatuko dugu. Disfruta dezagun eta, nahi badugu, ikas dezagun gure ingurua nolakoa den.

Ondo dakizuenez, berbatxangoak Sopelako Aitxu elkarteko kideekin eta Erandioko Berbots euskara-elkarteko lagunekin batera antolatzen ditugu. Irteera hauetan edozein euskaldunek har dezake parte. Gure helburuak dira Sopela, Erandio eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa, kulturala…) beti ere euskararen bidetik.

Noiz: urriak 28, domeka
Irteera: 9:00etan Erandioko gasolinon, 9:15ean Algortako Kirikiñon, 9:30ean Sopelako elizaren aurrean.
Nora: Meñakotz, Atxabiribil eta Arrietarako labarrak Sopelan eta Galea muturra Getxon.
Autobusa: 3 €, umeek 0 €
Aldez aurretik eman izena zure herriko elkartean:
Sopelan: aitxuizuba@gmail.com / 603 894 364
Erandion: www.berbots.org / berbots@gmail.com
Getxon: www.egizu.org/ egizugetxo@gmail.com / 619 935 541 / 616 885 165
Anima zaitezte! Euskara eta kultura, gozatzeko moduko altxorrak.


Nor da KOLDO NUÑEZ-BETELU, gure hizlaria?

Geologian doktorea. Donostiar hau Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakaslea izan da, Europar Ikerkuntza proiektuen arduraduna eta IMH Ingeniari Eskolako zuzendaria ere.