Esaera zahar batek dioenez, “otsail laburko, beño andurko”, hau da, laburra baina maltzurra. Eta aurtengoa, ALDAPEROAK taldeko txirrindularioi, horrela gertatzen ari zaigu. Otsailaren 2an atera nahi, eta, euria zela-eta, ezin; gero, otsailaren 9an berriro saiatu nahi, eta, aingeruak txizagura zirela eta, ostera ere ezin; eta hirugarrenean, azkenean, asmatu egin genuen.
Ohi denez, goizeko bederatzietan lotu ginen Faduran, baina izarak-edo itsatsi zitzaizkien batzuen eraginez, ia ordu erdi geroago atera ginen. A ze hotza itxaron bitartean! Baina gero, a ze eguraldi ederra bizikleta gainean ibiltzeko!
Guztira, hamabost bat pedalzale batu ginen, eta aurrera. Getxoko bidegorria hartuta, Berangoko Kurtze auzoraino, eta handik, Sopelako Urko auzora igarota, Argaluza, Olabide, Kurtzio, Igeltzera, Dobaran eta Butroeko gaztelura heldu ginen. Gaztelu ondoko zubia obretan zegoela eta, gehienok beste bide bat hartu genuen Butroera sartzeko, baina ausart batzuek obretan zegoen zubia zeharkatu zuten, eta han gelditu ziren tropelaren zain; baina tropela agertu ez. Eskerrak teknologiari, elkar topatu genuen berriro ere.
Asfalto gaineko bideak utzita, GR-280 bideaz baliatu ginen, eta marka zuri gorriek lagunduta, lokatzetara sartu ginen. Uste baino lupetz gutxiago egon zen, baina, hala ere, zenbait tokitan, buztinezko bainuak har zitezkeen bertan. Ausartenak, bizikletatik jaitsi gabe, eta besteok jaitsita, putzuak zeharkatu genituen. Eta, hara! Lehenengo aldapa!
Basoko bidea amaituta, baserrigune eder batera sartu ginen, eta Gorordo auzora heldu baino lehenago, beste “rompepiernas” bati egin behar izan genion aurre. Kostata, baina heldu ginen gailurrera. Han denok batu, eta gaurko etapako azken zatiari heldu genion, Mungiako Atxuri auzoraino. Bertan, garai bateko trenbide zaharra hartu (gaur egungo bidegorria dena), eta Izenaduba parkera iritsi ginen (Olentzeroren etxearen ondoko parkera), gose eta egarri. Eta ez dakit zer dela eta, konturatu orduko, tropela erdia desagertu zen. Gero jakin genuen batzuk herriko erdialdera joan zirela; besteok, berriz, Izenaduba ondoan.
Hamaiketakoa bukatuta, partitzeko tenorea! Batzuek presa zutenez, lehenago atera ziren, eta gainerakoak tropelean abiatu Butroerantz, lokatzan barna. Heldu ginen Butroera, eta bertako gasolindegian, zatiketa izan genuen: erdia edo, errepidetik; eta beste erdia, Mendiondo auzoan zehar, Urdulizko kanposanturaino, baserri arteko bideak erabiliz, eta handik Sopelara. Gero, Sopelatik Berangora eta Berangotik Getxora (eta Getxotik Bilbora, Barakaldora, Sestaora…).
70eko hamarkadako Askatasunaren Ibilaldian txapel oker batek ospetsu bihurtu zuen esaldi bat erabiliz, “Los de Tudela a Tudela, los de Tafalla a Tafalla”. Eta nor bere etxera abiatu zen, dutxa ederraz gozatu eta gero bazkaltzera. Hurrengora arte, ALDAPEROAK!
Holan bazan, ez bazan,
sar nazatela kalabazan
eta atera nadila Algortako plazan
Eskerrik asko Edorta kronikagatik eta David argazkiengatik!
aupa hi Edorta! zlako kronika ederra!! mila esker grijalba andereñoari kamera eramateagatikkkkk!!!
: )
hurregora arte!