Soziolinguistikaren txokoa (II)

Elebitasuna

Elebitasuna

Elebitasuna

Hiztun batek edo gizatalde batek bi hizkuntza jakin eta erabiltzeari esaten zaio elebitasuna, eta elebidun esaten zaio hiztun edo gizatalde horri.

Elebitasuna mota askotakoa izan daiteke:
asimetrikoa (hizkuntza bat bestea baino hobeto dakigunean).
diglosikoa (bi hizkuntza ukipenean daudenean gertatu ohi den elebitasun desorekatua: bi hizkuntzetatik bat –hizkuntza gutxitua– maila pribatu eta xeheetan erabiltzen da, eta bestea –hizkuntza menderatzailea– gainerako erabilera publiko eta jasoagoetan).
noranzko bakarrekoa (hizkuntza gutxituko hiztunek hizkuntza menderatzailea ikastera behartuta daude; hizkuntza menderatzailekoek, berriz, elebakar izaten segi dezakete).
gizarte-elebitasuna (ez da gizarte osoak bi hizkuntzak jakitea, baizik eta gizartean bi hizkuntza-komunitate desberdin egotea).

Euskal Herriko gizartea elebiduna dela esatea politikoki oso zuzena bada ere (oreka eta berdintasuna transmititzen duelako), aditu askoren ustetan ez da hala: hizkuntza gutxitua normalizatu eta berreskuratzeko, egokiena da pertsona eleaniztunez osatutako gizarte elebakarra aldarrikatzea eta lortzea (elebakartasun soziala), elebitasun erreala utopikoa delako (munduan ez omen dago benetako gizarte elebidunik). Elebitasun egoeretan diglosia nagusitu eta desoreka horrek prestigio- eta estatus-ezberdintasunak sortzen ditu eta, ondorioz, hizkuntza gutxitua arriskuan geratzen da.

Web gune bat: http://www.blogak.com/garaigoikoa. Soziolinguistikari buruz dihardu ezinbesteko blog honek, euskararen hizkuntza-komunitatearen ikuspegitik, beti ere. Txerra Rodriguezen bloga da hauxe, eta twitterren ere ibili badabil @garaigoikoa.