Berbatxangoa: itsasadarrean nabigatzen (2013ko maiatza)

Berbatxangoa: itsasadarrean nabigatzen (2013ko maiatza)

Igande honetan, maiatzaren 19an, gure hurrengo hitzordua izango dugu. Euskal Herria itsasontzian egingo dugu ibilbidea Edorta Jimenez idazleak gidatua. Getxoko Arriluzetik Bilboko udaletxeraino eta buelta. Ordu biko bidaian gai hauek landuko ditugu: Getxo eta Bilboko portua Txurrukaren eskuetan, Santurtziko sardinak, Portugalete Humanitatearen Ondare, Barakaldoko euskaldunak, txatarraren duintasuna Sestaon, presondegi-ontziak Erandion 1936an, Gabriel Aresti Zorrotzan, Euskalduna ontziolaren pasadizoak, Nerbio ibaian gora historiaz, literaturaz, ohitura zaharrez eta arkitekturaz berbetan. Bilboko udaletxearen aurreko nasaraino. Izena eman lehen bai lehen, itsasontziko lekuak mugatuak dira-eta!

Ondo dakizuenez, berbatxangoak Sopelako Aitxu elkarteko kideekin eta Erandioko Berbots euskara-elkarteko lagunekin batera antolatzen ditugu. Irteera hauetan edozein euskaldunek har dezake parte. Gure helburuak dira Sopela, Erandio eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa, kulturala…) beti ere euskararen bidetik.

Noiz: maiatzak 19, domeka
Irteera: 10:00etan Arriluze kaian.
Nora: Itsasadarrean gora egingo dugu Bilboko udaletxeraino eta buelta. 12:00etan berriro Arriluzen egoteko.
Txartela:5€, umeek 0€
Aldez aurretik eman izena zure herriko elkartean:
Sopelan: aitxuizuba@gmail.com / 603 894 364
Erandion: www.berbots.org / berbots@gmail.com / 630 404 171
Getxon: www.egizu.org/ egizugetxo@gmail.com / 619 935 541 / 616 885 165
Anima zaitezte! Euskara eta kultura, gozatzeko moduko altxorrak.

Edorta Jimenez / Argazkia: Joseba Barrenetxea

Edorta Jimenez, gure hizlaria

1953ko azaroaren 8an jaio zen Mundakan (Bizkaia). Bai bere izenez baita Omar Nabarro ezizenez ere idazten du bere lan bereziki oparoa. 1985etik ia urtero argitaratzen du libururen bat. Nobela eta poesia landu egin du, eta artikulugile ere ibiltzen da. Zalantza barik, Bizkaiko idazle oparoenetarikoa da gaur egun.